Ferietako liskarraren ondoren sortutako herri-asanbladak “hedabide gehienetan opatutako manipulazio-kutsadurari aurre egiteko” eta “euren mezua zuzenean emateko”, Euskal Herrian barna hitzaldi sorta antolatu du, errepresioaren aurka, desmilitarizazioa piztu leloa hartuta. Momentuz Hegoaldekoak dituzte lotuak. Dagoeneko hasi dira eta maiatza bitartean luzatuko da bira. Hitzaldi sortaren berri sare sozialetan emanen dute, Entzun Altsasu izenpean zabaldutako profiletan.
Herri asanbladatik adierazi dutenez, “gure herriaren eta eskualdearen inguruko iritziak kanpoko begirada intoxikatzailearekin egiten ari dira, gu kriminalizatzeko asmo argiarekin”. Hitzaldi sortarekin “bertan bizi garenon kontakizunak” zabaldu nahi ditu. Aldi berean, adierazi dute “gure solasaldiak, herri eta auzoetan desmilitarizazioaren inguruko eztabaida pizteko baliagarriak izatea” espero dutela.
Gaineratu dutenez, “Altsasun gertatu dena zigor-mendekua dela ulertzen dute herritarrek, bai gurean baita Euskal Herriko geografía zabalean ere; beraz, errepresioaren inguruan eztabaidatzea eta aktibatzea hil ala bizikoa zaigu”. Aldi berean, herri asanbladako kideak beste “lekuetan bizi den egoeraz jabetzera” badoaz ere. Birarekin “herritarren mugimenduaren giharra suspertu eta batasunetik desmilitarizazioaren borroka berpiztea du helburu. Desmilitarizazioaren eta errepresioaren gaia gure herriaren agenda politikoaren erdigunean kokatzera goaz”.