Ferietako liskarra eta gero preso segitzen duten hiru altsasuarrei elkartasuna adierazteko eta haien askatasuna aldarrikatzeko espetxera martxa egin zen larunbatean. Herri-asanbladak bi autobus bete zituen eta beste hainbat herritar autoak hartuta egin zuten Madrilerako bidea. Espetxearen kanpoko aldean madrildar ugari batu zitzaizkien, hango plataformak martxarekin bat egiteko deialdia egin baitzuen.
Espetxeko aparkalekuan, eguerdian, ekitaldia egin zuten. Herri-asabladatik gogorarazi zuten Adurrek, Jokinek eta Oihanek aurki hiru hilabete eginen dituztela preso. Haien askatasuna aldarrikatzearekin batera Euskal Herriaren desmilitarizazioa eskatu zuten. Madrilgo Altsasu babesteko plataformakoek euren elkartasun internazionalista adierazi eta haiek ere antzeko polizia-muntaiak bizi izan dituztela gaztigatu zuten. Azkenik, gurasoek euren esker ona adierazi zuten.
Altsasuarrek arratsaldean espetxea inguratu zuten eta bidez presoei zuzendutako mezuak eta musika zabaldu zituzten. Astero haiek jasotzen dituzten bisiten bidez jakin zuten esandakoak entzun zituztela. Helburua bete zutenaren sentipenarekin bueltatu ziren Altsasura.