Espainiako Auzitegi Nazionaleko 3. zenbakidun Instrukzio Epaitegiko epaile Carmen Lamelak ferietako liskarragatik zabaldutako sumarioa itxi du eta epaitegiaren esku utzi du. Han auzipetuta dauden bederatzi gazteak (beste biak adin txikikoen epaitegian dute kausa) terrorismo delituagatik epaitzeko eskatu du, atentatu, gorroto eta lesioengatik. Zigor Kodearen 573. artikuluarekin bat datorrela dio Lamelak. Albiste agentziek zabaldu dutenez, epaileak dio prozesatzeko erabakia ezin zela atzeratzea “delitua egin zutela baieztatzeko fundamentuzko nahikoa motibo baitaude”.
Agentziek zabaldu dutenez, epaileak “erasoa” Ospa mugimenduak Guardia Civileko kideak “zirikatzeko inposatzen dituen errutinetan” kokatu du. Atxilotuetako batzuk mugimenduko kide direla dio. “Guztiek ezagutzen zuten aurretik tenientea eta sargentoa guardia zibilak zirela, hori izanik irainduak eta kolpatuak izateko arrazoi bakarra”.
Lamelaren iritziz, “gaur egun Bilduren, Sorturen eta Ernairen babesa dute”. Ospa mugimenduaren sorrera 2011ko martxoan sortu zela dio, Altsasuko Errepresioaren kontrako Batzordea sortu zenean. “Atxilotuetako lau bere sustatzaile nagusietakoak dira”. Epaileak gaineratzen duenez, mugimenduak “Guardia Zibileko kideengan eragin nahi du, taldetxo bortitzen helburu senti daitezen eta eguneroko jarduerak egiterakoan zailtasunak izan ditzaten, esaterako: erosketak egin, bikoteekin aisialdiaz gozatu seme-alabak jardueretara izena eman”. Mugimenduak “beste herritarrei agenteekin harremanik ez izateko eskatzen die. Halakoak betetzen ez dituenak Guardia Zibilaren “laguntzat” jotzen dute.
Gertakariak, sumarioaren arabera
Epailearen arabera lastailaren 15eko goizeko 3:15 aldera bi guardia zibilak eta haien bikoteak Koxka tabernan zeuden. Sumarioko kontakizunaren arabera, atxilotuetako bat, adin txikiko batekin batera, sartu zen eta sargentuari han egoteko eskubiderik ez zutela esan omen zion. Tenienteak bakean uzteko eskatu omen zion. Baina jarraitu egin omen zuen. Sumarioan jaso denez, 20-25 pertsona hurbildu eta inguratzen hasi zitzaizkien. Mehatxatzen eta iraintzen hasi omen zitzaizkien, eta ondoren kolpatzen hasi.
Lamelak jasotakoaren arabera, agenteak eta haien bikoteak kalera atera ziren eta han beste 15-20 kideko gazte talde batekin topo egin zuten. Batzuk eta besteak iraintzen eta kolpatzen segitu omen zuten, foruzainak iritsi arte. Erasoaren ondorioz lauek hainbat kolpe jaso zituzten. Agenteetako batek goiko ezpainean zauria eta orkatila haustura zuen.