Auzipetuen gurasoen manifestua atxikimenduak jasotzen hasi da

Guaixe 2017ko ots. 2a, 19:44

Sinatzaileek eskatzen dute: proportzionaltasunaren, justiziaren eta ekitatearen printzipioak gailen daitezen eta galdegiten dugu terrorismo-delituaren kalifikazioa ezabatzeko, eskumena Iruñeko 3. Instrukzio-epaitegiari bueltatzeko eta, ondorioz, zazpi gazteak aske uzteko.

Aldi berean, agintari eskudunei eskatu diete (Fiskaltza Nagusia, Auzitegi Nazionala eta Nafarroako Probintzia-Auzitegia) norabide berean birplanteatu dezatela beren jarduna, eta herri-administrazio, hedabide, gizarte eta politika-eragile eta jendarteari ere eskakizun horiek bete ditzatela eskatu dute.

Gazte auzipetuen gurasoek manifestua aurkeztu zuten Altsasun ostiralean eta Iruñean gaur. Manifestua “printzipioen deklarazio bateratua da”. Deklarazio horrekin Euskal Herri guztiko kultura, kirol eta gizarte arloko hainbat pertsona ezagunek bat egin dute. Altsasuko Gurasoek manifestu horrendako atxikimenduak biltzen segituko dute, bai ezagunenak baita herritarrenak ere. Horretarako change.org plataforma erabiliko dute. Altsasuko Gurasoek, beste behin, jasotako babesa eskertu dute.

Aipatu manifestuan jasotzen denez, “elkarbizitza, askatasuna eta justiziarekiko konpromisoarengatik, giza-eskubideekiko errespetuarengatik eta Zuzenbide-Estatuaren printzipioengatik, sinatzen dugunok gure kezka adierazi nahi dugu kasua garatzen ari den moduarengatik”.

Aldi berean, “oinarritzat jotzen dugu jendarteak, instituzioetako ordezkariek, hedabideek eta sistema judizialak zuhurtasun, inpartzialtasun eta proportzionaltsun irizpideen arabera jokatzea. Errespetua zor diogu errugabetasun-presuntzioari eta, horregatik, gure kezka agertu nahi dugu gazteen identitatea argitaratu izanagatik, horietako bi adin txikikoak izanik, eta atxiloketak gauzatu diren moduarengatik ere: agindu judizialik gabe eta ordu eta leku publikoetan, nahiz eta aurretik beren kabuz deklaratzera aurkeztu ziren. Sinatzaileek diotenez, 11 auzipetuei epaile naturala ukatu zaie eta berme prozesalak zalantzatan geratu dira.

Gainera, kezka azaldu dute “gertaerak terrorismo delitutzat judizialki izendatzeagatik. Proportzionaltasun-faltak eta interpretazio estentsiboak urratzen dute askatasuna, berme prozesala eta herritar guztiok babestu behar gaituen segurtasun juridikoa”. Eta nabarmendu dute Foruzaingoak eta Guardia Zibilak idatzitako lehenengo txostenek ezeztatu eta errefusatu egin zutela gertaerak terrorismo-delitutzat kalifikatzea.

Manifestura atxiki direnek gogorarazi dute Altsasukoa “terrorismo-ekintzatzat hartuz gero, 10-15 kartzela zigorra legokieke gazte hauei, erailketa delituari dagokion zigorraldia beraz, eta hori ez dator bat mediku agirietan adierazten diren lesioen larritasun mailarekin”. Horri lotuta nabarmendu dute “gehiegizko zigor horiek betetzeak gazteei ekarriko lieken konpondu ezinezko kaltea”.

Behin-behineko kartzelaldia salbuespenezko kautelazko neurria dela gogorarazi ondoren, “kezkagarritzat” jo dute neurria altsasuarrei ezartzea “behin baino gehiagotan, eta beren borondatez, epaitegietan aurkeztu direlako, deklaratzeko prest. Ulertzen dugu familiek sentitzen duten babesik eta defentsarik eza”. Bestetik adierazi dutenez, “hedabideek neurriz gaindi jorratu dute gaia eta Altsasuko herriaren errealitatearekin bat ez datorren irudia eman dute. Oso kaltegarria izan da, eta ez dio elkarbizitzari mesederik egiten”.