Idoia Hualde Iglesias

Maider Betelu Ganboa 2017ko ots. 3a, 13:36

Nafarroako Zaldi Raid modalitateko txapelduna.

1.Noiz hasi zinen zaldiekin?
Lehendabiziko zaldia nire gurasoek ekarri zuten nik 4 urte nituela. Gogoratzen dut ekarri baino lehen nola eskatzen niela, zaldia ekartzeko. Ez dakit geneetan ia sartuta nuen. Betidanik gustatu izan zaizkit. Negu izena zuen.
7 urterekin ikastaroak hartzen hasi nintzen, Bikuñako hipikan. 9 urterekin eman zidaten aukera Raid modalitatean aritzeko. Araban federatu nintzen eta han lehiatzen nuen. Bizpahiru urtera Euskadiko Raid Txapelketa irabazi nuen nire mailan. Guaixen ere atera nintzen orduan (kar kar). Baina gero, ikasketak zirela, lehiatzeari utzi nion, asko entrenatu beharra zegoelako. Errotain Zaldi Ibilbideak sortu genuenetik Nafarroan nago federatua eta aurten raid probetara bueltatzea eta Nafarroako txapelketan aritzea erabaki nuen.

2. Eta nolako buelta, Nafarroako txapelduna izan baitzara. Zorionak!
Eskerrik asko! Larunbatean jaso nuen saria, Iruñeko Tres Reyes Hotelean, Nafarroako Hipikako Federazioaren galan.

3. Zer da raida?
Raid modalitatea erresistentziako lasterketak dira, hainbat etapakoak. Partaide guztiak aldi berean ateratzen dira eta ibilbidea markatuta dago. Baso eta xendetatik ibiltzen zara. Bi puntutan taldearen asistentzia jaso dezakezu, zaldiari ura emateko, zuri laguntza emateko… eta iristerakoan zaldiari kontrola egin behar zaio, izan ere, zaldia egoera onean iristea, bere ongizatea da baloratzen dena. Iristerakoan, pultsometroarekin pultsazioak hartu behar dizkiozu zaldiari eta 54 pultsazioetara jaisten denean, albaitariari deitu, hark egiaztatu eta lasterketa bukatzearen denbora hori markatuko du. Hau da, lehena iristen denak ez du zertan irabazi behar; zaldiak 54 pultsazio dituenean kontatzen da egindako denbora.

4.Zaldia ezagutzea eta kontrolatzea ezinbestekoa da, hortaz.
Bai. Ordu askoko entrenamenduak egin behar dira, elkar ulertzeko eta zaldiaren portaera ikasteko. Zaldia ez estutzeko. Nafarroako Txapelketan bi lasterketa jokatu ziren, 40 km-koak biak, Añezkarren. Biak kontuan hartuta nik egin nuen, nafarren artean, denborarik onena. Lehen lasterketa Baikorrekin egin nuen, baina hankan mina hartu zuen eta bigarren proba Indarrekin egin nuen. Asistentzia lanetan Errotaingo Sebas Goikoetxea nire lankidea eta gure bezero batzuk ibili ziren. Eta esan beharra dago bigarren etapako tarte handi batean 16 urteko Nahia Lezea gure bezeroak ere parte hartu zuela, Fletxa zaldiarekin. Oso ongi ibili zen. Gure asmoa da maila hartzen ari diren bezeroekin aurten raid probetan aritzea, beraiek ere probatzeko. Gasteizen egiten da bat. Eta jakina, Nafarroako Txapelketan ere arituko naiz aurten.

5.Noiz sortu zenuten Errotain Zaldi Ibilbideak?
2013.an sortu genuen Sebas Goikoetxeak eta biok. Urdiaingo errotan dugu egoitza. Egun 13 zaldi ditugu. Zaldiz ibiltzen ikasteko klaseak ematen ditugu, ibilaldiak egiten ditugu, ordu bateko eta bi orduko paseoak, ibilbide luzeagoak ere, egun erdikoak, meriendarekin, edo egun osokoak, Urbasara igoz, edo Sakanatik buelta emanez… Gustura gabiltza, gustatzen zaiguna egiten dugu. Eguraldiarekin pixkat mugatuak gaude. Udan geroz eta jende gehiago animatzen da, landetxeetan dagoen jende asko. Eta gero urtean barna hemengo jendearekin ibiltzen gara. Jaisten da bastante baina mantentzen dugu: ibilaldiak, klaseak…
Badaude 2013tik gurekin dauden ikasleak, lasterketan ere ibili direnak, eta baita hasiberriak. Facebookean (Errotain) edo www.errotain.com web gunean gaude.

6. Zergatik igo beharko ginateke denok zaldi batetara?
Hau ez da behartu beharreko gauza bat. Hau disfrutatzeko da, ez gaizki pasatzeko. Probatzea animatzen diot jendeari. Sentsazio hori: zu baino pisu askoz gehiago duen animali bat zurekin harremanetan jartzen da, eramaten zaitu eta nola disfrutatzen duzu berarekin. Eta, bestetik, ikuspuntua. Altuera horretatik paisaiaz disfrutatzeko aukera… zoragarria da. Normala da jendeak hasieran beldur puntu bati izatea, baina gure zaldiak oso majoak dira eta ongi portatzen dira. Hasieran itxituran ibiltzen gara eta gero buelta ematera ateratzen gara. Jendea urduri hasten da baina gero lasaitzen da. Zaldian ibiltzeak lasaitzen du, estresa kentzen du. Hori dio jendeak. Eta ditugun basoetatik paseoa eman ondoren berrituta etortzen zara. Luxua da gure parajeetatik barna ibiltzea.

7. Errotainen beste egitasmoren bat al duzue?
Badaramagu urte batzuk Aste Santuan eta oporretan haurrendako campusak egiten. Zaldian ibiltzen ikasteaz gain, zaldien inguruneko guztian ikasten dute: zaldiei jan ematen, garbitzen, zaintzen, gero jolasak egiten ditugu eta errotan animali gehiago daudenez –oiloak, ahuntzak...–bere saltsan ibiltzen dira.

Bestalde, Nafarroako Hipika taldeekin eta ostalaritza eta zerbitzuekin bilduta, ANATRE sortu dugu (Asociación Navarra de Turismo Rural y Ecuestre, www.anatre.org). Gure asmoa, zaldi turismoa egiten dutenendako produktu bat sortzea izan da. Horrela, Nafarroa osotik zaldi gainean ibilaldiak egiteko proposamena prestatu dugu. Hipika etxeetan zaldiak alokatzeko aukera izango da, ostatu jakinetan bidaiariak eta zaldiak ere hartuko dituzte, gida lanak egingo ditugu… elkartekide guztiok elkarlanean. Informazioa aipatu web orrian dago.

8.Zaldi gaineko turismoa gora egiten ari da?
Frantzian eta Alemanian zaletasun handia dago. Beraien lan egiteko modua aztertu dugu, moldatu dugu eta www.anatre.org web gunean gure eskaintza prestatu dugu. Bilatzen duguna da turismoa zaldi gainean egiten duen jende hori erakartzea. Frantziatik gertu gaude eta Nafarroak ematen dituen aukerak izugarriak dira: 100 km pasa eskasetan denetarik duzu: mendia, basoa, basamortua… 7 egunetan, zaldiz, paisaia oso ezberdinak ikusi ahal dituzu. Europako beste lekuetan ez dute hori. Nafarroa zaldi turismoan potentzia bat izan daiteke eta animatu gara.  

9. Turistak erakarriko dituzuenaren esperantza duzue?
ANATRE elkartearekin mapa bat atera dugu, non Nafarroan zaldiz egin daitezkeen ibilbide guztiak ikusten diren. FITUR turismo azokara joan ginen aurkeztera eta ordutik gure web orriak bisita asko izan ditu, jendeak aipamenak egin ditu, eta batzuk galdetu dute ea udan ibilbide bat egitera etor daitezketen...

10.Sakanako Donejakue bidea berreskuratu nahi da ere…
Sakanako Garapen Agentziak Sakanako Donejakue bidea berreskuratu nahi du. Bidelagun elkartean gaude eta Sakanako turismoa sustatzeko proiektu horiek begi oso onez ikusten ditugu. Gustatuko litzaiguke aurten Donejakue bideko proiektua martxan egotea. Horrela, adibidez, Zamartzeraino zaldiz joan gintezke, han bisita egin eta buelta, edo ibilbidea gehiago luzatu eta Aralarrera itzotzea… hamaika gauza egin daitezke.

11. Zer ematen dizute zaldiek?
Dena. Betidanik ibili naiz beraien artean. Konplizitate bat sortzen da beraiekin ez duzuna beste inon aurkitzen. Animalia bereziak dira, oso sentikorrak, horrek egiten dizu eurekin zaudenean zure jarrera, urduritasuna eta jenioa kontrolatzea... zaldiekin harreman hori polita da. Eta lanbide bezala, ba gustatzen zaizun zerbaitetan lan egitea luxu bat da. Oso kontentu nago ibilbide hau hasteagatik