Gaur, 20:15ean, Altsasuko kaleko argiak itzali dira. Une horretan bertan, herriko hiru puntu zehatzetan ehunka kandela pizten hasi dira, kandela ugari, iluntasunari argia emateko. Altsasuko Herri Asanbladak deitu du argi itzaltze solidario hori, Altsasuko ferietako liskarraren ondorioz auzipetuta dauden gazteei elkartasuna adierazteko eta egun horretan bertan espetxean hiru hilabete bete zituzten Oihan Arnanzen, Jokin Unamunoren eta Adur Ramirez de Aldaren askatasuna eskatzeko.
Arratsaldeko zortzitan bildu dira herritarrak Iortiako zabalgunean. Adin guztietako Altsasuko herritar asko dira. Hiru multzotan banatu dira; multzo bat bertan geratu da, beste batek Foru plazara jo du eta hirugarrena Zumalakarregi plazara abiatu da. 20:15ean, argiak itzaltzerakoan, kandelak piztu dira hiru toki jakin horietan. Espazio bakoitzean hitz bat idatzi dute, “11k aske orain” esaldia osatuz. 15 minutu ondoren, argiak piztu dira eta ekitaldiari bukaera eman zaio, bildutako jendetzaren txalo zaparrada artean.