Iruñeko 3. instrukzio epaile Maria Paz Benitok atzera bota ditu Altsasuko 11 gazteen defentsak aurkeztutako apelazio eta erreforma helegiteak. Beraz, Espainiako Auzitegi Nazionalaren esku utzi du ferietako liskarraren auzia atzera ere. Gazteen defentsa abokatuak epailearen erabakiaren kontrako helegitea aurkeztu du Nafarroako Lurralde Auzitegian. Altsasuko gazteen auzia Iruñean epaitzeko eskatuko du berriro ere abokatuak.
Benito epailea izan zen ferietako auziaren instrukzioa abiarazi zuena. Baina azaroaren 8an inhibitu eta Espainiako Auzitegi Nazionalaren esku utzi zuen, “terrorismo delitua” zelakoan. Defentsaren helegiteei azaroaren 22an erantzun zien halakorik aurkezterik ez zutela. Baina Nafarroako Lurralde Auzitegiko lehen aretoak defentsako abokatuen kexa helegitea onartu zuen eta Iruñeko epailea ilbeltzaren 20tik helegitea aztertzen ari zen.