Altsasuko Udalean ordezkaritza duten alderdi guztiek, UPN salbu, Soto del Realen preso dauden hiru gazteen askatasuna eskatzen duen mozioa onartu zuten atzokoan. Aurrekoetan egin duten moduan, zinegotzi sozialistek azaldu zuten eurena zela boza aldeko botoa, ez alderdiarena. Aurreneko puntuan askatasuna eskatzeaz aparte auzia Iruñera ekartzea eskatzen da. Eskaera hori Geroa Bairen eta PSNren eskariz gehitu zen. Horren gaineko eztabaida izan bazen ere, adostasunaren alde egin zuten.
Onartutako mozioaren bigarren puntuak auzitik terrorismo zigor-kalifikazioa kentzea eskatzen du. Azkenik, hedabideei “herriaren errealitatearen irudi desitxuratua emanez herria erasotzeari uzteko” eskatzen zaie. Bilkuran auzipetuen gurasoak eta lagunak izan ziren.