Ferietako liskarragatik preso dauden Jokin Unamuno, Adur Ramirez de Aldak eta Oihan Arnazek kartzelan 100 urte eginen dituzte gaur. Hori salatzeko, haien etxeratzea eta auzipetu guztien askatasuna aldarrikatzeko herri-asanbladak ostiralero udaletxean egiten duen kontzentrazioa Iruñera aldatu du gaur. Kontzentrazioaren deitzaileek azaldu dutenez, “100 egun bahiturik; 100 egun beraien etxetik urrun, beraien lagun, senideen eta herritarren besarkadetatik urrun, 100 egun errepresioaren aurpegi latzena bizitzen, 100 egun aske izanen diren egunarekin amesten”. Herri-asanbladatik berretsi dute lastailaren 15ean “hasi zela muntai polizial, juridiko, politiko eta mediatiko hau, non Altsasuko 12 gazte kriminalizatu eta terroristatzat hartuak izan diren”.
Herri-asanbladako kideek gaztigatu dutenez, “tamalez ez da lehen aldia horrelako astakeriak gurean gertatzen direla eta begiak ixtean beste hainbat muntaiaren biktimak izan diren lagunak datozkigu burura: Bittor, Galder, Lander, Iñaki eta Gorka, Edurne, Hodei, Tolosako eta Burlatako lagunak, Alfon eta beste hainbat”. Horregatik, gaur Iruñean salatuko dute Altsasuko kasua ez dela “kasu isolatu bat, hamarkadetan errepresio- sistema honek polizia-muntaiak baliatu ditu herri eta pertsona borrokalariak bahitzeko”.