Ferietako liskarragatik auzipetutako gazteen gurasoek deituta kontzentrazioa egin da Iruñeko Justizia Jauregiaren parean gaur eguerdian. Haiekin batera hainbat altsasuar eta udal ordezkari ere izan dira. Guztiak #Altsasu. Ez da terrorismoa leloa zuen pankartaren atzean elkartu dira. Altsasuko Gurasoak taldetik kasua Nafarroako Entzutegi Probintzialera itzul dadila eskatu dute. “Gure seme-alaben eskubidea den epaile naturalera itzultzea ozen eskatzen dugu. Auzia Nafarroatik ez zen inoiz atera behar”.
Altsasuko Gurasoak taldekoek lastailaren 15ean gertatu zenaren inguruko “benetako” ikerketa eskatu dute. “Gertakariak deitoratu izan ditugu beti, baina, gure ustez, terrorismotzat jotzea krudela da, logikarik ez du eta injustizia handia da”. Zigor handiekin libre gelditu diren pertsona ezagunak eta haien seme-alabak alderatu dituzte: “gureak epaituak izan gabe espetxean mantentzen dituzte: FIES erregimen pean 4 hilabete daramatzate preso”. Beste behin ere, Adur, Jokin eta Oihan askatzea eskatu dute, “ez baitago ihes egiteko inolako arriskurik”.