Altsasuko mugimendu feministaren deialdiarekin 200 bat pertsonak bat egin dute gaur. Emakumeak borrokan oztopoak apurtzen leloa izan du kontzentrazioak. Feministen bozeramaileek akaberan “kapitalismoaren krisiak erabat baldintzatutako testuinguru sozial eta politikoan erakundeek berdintasuna lortzea helburu duten arau eta mezu etengabeak” salatu dituzte; “iruzurtiak izateaz aparte, emakumeok gizartean dugun egoera estali nahi dutelako”.
Feministek salatu duten lan-arloko murrizketek gehienbat emakumeei eragin dietela eta sozio-ekonomia egoeran “ondorio latzak” utzi dituztela gaztigatu dute. “Gehien bat emakumeei” eragiten dieten egoerak zerrendatu dituzte: “lanaren ezegonkortasuna, soldaten jaitsiera, lanaldiaren bikoizketa, haur edo mendekotasuna duten pertsonen zaintzarako lanaldi murrizketak eta aisialdirako eta harremanetarako denbora falta”.
Emakume migratzaileez ematen den irudia “oso desitxuratua” dela salatu dute. “Sistema kapitalistak karga bat bailiran aurkezten ditu, erakundeek euren kargura hartu eta bete beharko lituzketen lanak egiten dituzten arren”. Gaineratu dutenez, emakume migratzaileei osasun laguntza ukatzea du helburu Nafarroako Sexu-osasunari eta Ugalketari buruzko Legearen kontra Estatuko Abokatuak jarritako helegitea. “Ez du kontuan hartzen emakume horiek metodo antikontzeptiboak erabiltzeko eskubidea dutela, haurdunaldia euren borondatez eteteko eta laguntza bideko ugalketaz baliatzeko.
Gaurko kontzentrazioko deitzaileek feminismoak “eskubideen aldeko borroka” izan behar duela adierazi dute, “mundu justuagoa eta berdinagoa lortzea helburu duena”. Bukatu aurretik, gaur arte estatuan indarkeria matxistak eraildako 16 emakumeak gogoan izan dituzte.