Nafarroako Lurralde Auzitegiko 1. salak defentsaren helegitea aztertu eta erabaki du Iruñeko 3. Instrukzio Epaitegia Altsasuko ferietako liskarreko aurreko diligentziak instruitzeko. Salak dio Iruñeko epaitegiak atzera bota behar duela Espainiako Audientzia Nazionalaren diligentzien eskaera. Hau da, liskarraren instrukzioa Iruñean egin beharko litzatekeela eta ez Madrilen. Auzitegien arteko gatazka dagoenez, Espainiako Auzitegi Gorenak ebatzi beharko du, jakinarazten da gaurko epaian.
Erabakia hartzerakoan Nafarroako Lurralde Auzitegiko 1. salak dio gertaeretan Zigor Kodeko 573 artikuluan jasotzen den terrorismo deliturik ez dutela ikusten. “Halakorik balego, Iruñeko auzitegiaren konpetentzia falta ekarriko luke”. Salak emandako epaian jaso denez, ferietako liskarrean “ez dago delitu larririk” (5 urtetik gorako espetxe zigorra). Osotasun fisikoaren kontrako delitua baino lesio delitua litzatekeela dio ere (5 urtetik beherako espetxe zigorra).
Salaren epaian jasotzen denez, “nabaria da printzipioz gertaera kasual baten aurrean gaudela; nabarmena bere jatorria ustezko erasotzaileek Guardia Civilaren agenteak ezagutzena sortu zena. Egia da ere Ospa mugimendua badela eta auzipetuetakoren bat kidea dela. Agenteen osotasun fisikoari eragin zion gertaerak ordea ez du zerikusirik konstituzio ordena iraultzearekin, ezabatzearekin edo larriki ezegonkortzearekin; edo botere publikoak zerbait egitera behartzea edo populazioan edo bere zati batean terrore egoera sortzea”.
Guardia Civilaren txostenari aipamena eginez han Zigor Kodeko 510 artikulua aipatzen zela gogorarazi du salak, funtsezko eskubideen eta askatasun publikoen kontrako delitua. “Hasierako ikerketan ez da 573 artikuluan jasotzen diren helburu larrien konstataziorik”. Salako epaileek diote Ospa mugimendua eta Alde Hemendik kanpaina egonda ere lastailaren 15eko gertakariak “helburu hori lortzeko akto jakin bat direla esateko nahikoa zantzurik ez dagoela”.
Lege borroka baten kronologia
Ferietako liskarra lastailaren 15ean izan zen eta Nafarroako Instrukzio Epaile baten esku gelditu zen. Harik eta Covitek Espainiako Auzitegi Nazionalera jo eta gertaerak terrorismo delitua zirela salatu arte. Madrilgo auzitegiak Altsasuko gazteen auzia berarendako hartu zuen, ferietako auziaren instrukzioa abiarazi zuen epailea azaroaren 8an haren alde inhibitu ondoren.
Gazteen abokatuek erabaki horren kontrako helegiteak aurkeztu zituzten eta Iruñeko epaileak halakorik aurkezterik ez zutela erantzun zuen ebazpen berri batean, azaroaren 22an. Abokatuek epaiarekin ados ez eta Nafarroako Lurralde Auzitegira jo zuten. Epaitegiko lehen aretoak defentsako abokatuen kexa helegitea onartu zuen ilbeltzaren 20an. Auzia berriro instrukzio epailearen esku gelditu zen. Iruñeko 3. instrukzio epaile Maria Paz Benitok atzera bota zituen Altsasuko 11 gazteen defentsak aurkeztutako apelazio eta erreforma helegiteak otsailaren 15ean.
Senideak, altsasuarrak, Altsasuko Udaletik hasi eta Nafarroako Parlamenturaino, makina bat erakunde eta herritar izan dira Espainiako Auzitegi Nazionalaren esku dagoen gazte altsasuarren auzia Nafarroako Instrukzio Epaitegira ekartzea eskatu dutenak.
Lekukotza kanpoan
Auzipetuen gurasoen ordezkaritza Bartzelonan izan da larunbatean. Pertsona errepresaliatuen senideen nazioarteko aurreneko jardunaldian parte hartu zuten eta, atzerriko hainbat hizlariren modura, euren lekukotza eman zuten. Bitartean, herri-asanbladako kideak herriz-herri hitzaldiak ematen segitzen dute.