Soto del Real espetxean preso dauden hiru gazte altsasuarren defentsak haiek berehala askatzeko helegitea aurkeztu zuen, baina atzera bota dute. Auzia zein epaitegik hartuko duen bere esku ebatzi bitartean gazteak aske gelditzeko eskaera egin zuten abokatuek, baina atzera bota dute.
Bestalde, Nafarroako Lurralde Auzitegiko 1. Salak ebatzitakoari segituz, Iruñeko 3. Instrukzio Epaitegiak Espainiako Auzitegi Gorenari eskumen eskaera egin zion joan den astean. Azken epaitegi horrek Altsasuko ferietako liskarreko auzia Iruñean edo Madrilen epaitu behar den ebatzi beharko du. Auzipetuek Iruñean lesioak, agintearen agentearen kontrako atentatua eta gorroto probokazioa delituei aurre egin beharko liekete. Madrilen, berriz, aurrekoez aparte terrorismo delituagatik epaituko lituzkete.