Preso dauden hiru gazte altsasuarrak berehalakoan ez askatzea “tematze krudela da, bidegabekeria gero eta handiagoa egiten duena”. Halaxe definitu dute Altsasuko ferietako liskarragatik auzipetuta daudenen gurasoek preso daudenen askatasun eskaera onartu ez izana. Beste behin ere jendarteari babesa eskatu zioten, “guztien laguntzaz buelta ematea lortuko dugulako”. Haiek “tunelaren akaberan argia ikusi arte borrokan segitzeko” asmoa dute. Altsasuko Gurasoek adierazpen horiek Iruñeko Justizia Jauregiaren parean egin zituzten. Hamabostean behin egiten duten kontzentrazioan feministen eta LGTB kolektiboko kideen babesa jaso zuten.
Iruñeko eta Madrilgo auzitegien artean eskumen gatazka zegoela jakin bezain laster, eta haren ebazpena luze jo dezakeelakoan, hiru presoen abokatuek haien berehalako askatasuna eskatu zuten. Baina Espainiako Auzitegi Nazionalak atzera bota du eskaera astearte arratsaldean.