Sinadura bilketa azokan

Guaixe 2017ko api. 9a, 12:46

Auzipetuen gurasoak hurrengo bi azoketan ere euren manifesturak babes sinadurak eskatuko dituzte.

Ferietako liskarragatik auzipetuta dauden gazteen gurasoek manifestua publiko egin dute eta www.altsasugurasoak.com web orrian sinatu daiteke. Jakinik jende guztia Interneten ez dela ongi moldatzen, auzipetuen gurasoak azokan sinadurak biltzea erabaki dute. Aurreneko aldia asteazkenean izan zen eta harrera ona izan zuen ekimenak, hainbat izan baitziren sinatzera hurbildu zirenak. Euren herrietara sinadura orriak eraman zituztenak ere izan ziren. Gurasoek hurrengo bi azoketan sinadurak biltzen segituko dute, kultur etxeko atean.

Gurasoek euren manifestuarekin eskatzen dute “proportzionaltasunaren, justiziaren eta ekitatearen printzipioak gailen daitezen eta galdegiten dugu terrorismo-delituaren kalifikazioa ezabatzeko, eskumena Iruñeko 3. Instrukzio-epaitegiari bueltatzeko eta, ondorioz, preso dauden gazteak aske uzteko”. Agintari eskudunei (Fiskaltza Nagusia, Auzitegi Nazionala eta Nafarroako Probintzia-Auzitegia) ere zuzentzen zaizkie, “norabide berean birplanteatu dezatela beren jarduna”, eta herri-administrazio, hedabide, gizarte eta politika-eragile eta jendarteari ere eskakizun horiek bete ditzatela eskatu dute.