Indar Gorri auzian bi altsasuarren inputazioa artxibatua

Guaixe 2017ko api. 24a, 14:59
Atxiloketak salatzeko egindako batzarretako bat.

Epailearen arabera ez dago nahikoa indizio “talde kriminaleko kide” direla adierazteko. Fiskalari 20 egunetan akusazio edo sobreseimendu idatzia aurkezteko eskatu dio.

Iruñeko 2. Instrukzio Auzitegiko epaileak Indar Gorri taldeko 21 kide epaitzeko indizioak daudela ebatzi du. Guztiei talde kriminaleko kide izatea eta Osasunaren segimenduaren aitzakian, “beste hirietara joaten ziren lesio delituak eragitera, haien larritasuna inporta gabe, edo kontrako muturreko taldeko kideekin “aurrez aurreko fisiko eta biolentoa” bilatzen zuten “talde borrokatan” parte hartuz.

Epaileak instrukzioa despeditzerakoan 11 auzipeturen kontrako akusazioa artxibatu du. Haien artean daude bi altsasauar. “Talde kriminaleko kide direla adierazteko instrukzio eginbideak ez dira nahikoak. Talde kriminalean parte hartu edo kide diren ondorioztatzeko haien kontrako datu hain sendorik ez dago”. Epaileak dioenez, “interbenitutako elkarrizketak ez dira akzio bortitzetan parte hartu izanaren adierazle garbiak”. Froga materialetatik halakorik ondorioztatzerik ez dagoela dio epaileak ere. Instrukzio epaileak ondorioztatu duenez, “Indar Gorriko kide izatea, oso aktiboa izanda ere, ez da nahikoa talde kriminaleko taldekide delitua egozteko”. Hau da, Indar Gorriko “kide izatea eta parte hartze aktiboa izatea ez da delitua”.

Horregatik, epaileak 11 auzipetuen kontrako akusazioa behin behinean artxibatzea erabaki du. Fiskaltzak 20 egun ditu epaiketa egitea eskatzeko, auzia artxibatzea eskatzeko edota eginbide osagarriak eskatzeko.

Atxiloketak
Indar Gorriren kontrako sarekada joan den urteko otsailaren 1ean egin zuen Guardia Civilak. Ramirez de Alda etxean atxilotu zuten, 9:00etan. Lanetik bueltan zetorrela, berriz, Imaz, 17:00etan. Bi egun eman zituzten Guardia Civilaren komandantzian eta epailearen aurretik pasa ondoren aske gelditu ziren.

Epailearen arabera ikertuen helburua “beste zalego erradikal batzuetako kideak jotzea zen. Futbola lesio delituak egiteko aitzakia zen”. Epaileak argi utzi nahi izan zuen ikerketa ez zela Indar Gorriren kontra baizik eta pertsona jakin batzuen kontra. Aske gelditu berritan bi altsasuarrek azaldu zuten epaitegian erakutsi dieten organigramarekin “erabat harrituta” gelditu zirela. “Kriston pelikula egin dute”. Esan zutenez, “azken aldian hainbat neurri errepresibo hartzen dira zenbait esparruetan eta kirolean eta futbolean ere”. Gaineratu zutenez, “futbolean aldarrikapenerako tarte bat dago, eskubideak eta askatasunak aldarrikatzeko”.