Epaileak Indar Gorriko bi kideri “talde kriminalekoak” izatea egotzi die

Guaixe 2016ko ots. 4a, 10:00

Atxiloketengatik protesta egiteko egindako kontzentrazioetako bat.

Altsasuarrek azaldu dutenez, “muntaia bat da, deserosoak garelako egin dute”.

Iruñeko Bigarren Instrukzioko-Epaitegiko Fermin Otamendi epailearen aginduz astelehenean Indar Gorriko 18 kide atxilotu zituzten Nafarroan barna, tartean bi altsasuar. Bi egun polizia etxean eta Guardia Civilaren komandantzian egon ondoren epailearen aurretik pasa eta aske gelditu ziren. Epaileak guztiei “talde kriminaleko kide izatea” leporatzen die, ustez “kide edo aurkari diren beste zale erradikal batzuekin borrokaldi bortitzetan parte hartzeagatik”. Epailearen arabera ikertuen helburua “beste zalego erradikal batzuetako kideak jotzea zen. Futbola lesio delituak egiteko aitzakia zen”. Haren arabera ikertutakoetatik sei buruak lirateke. Epaileak argi utzi nahi izan du ikerketa ez dela Indar Gorriren kontra baizik eta pertsona jakin batzuen kontra.

Epaitegian erakutsi dieten organigramarekin “erabat harrituta” gelditu direla azaldu dute bi altsasuarrek. “Kriston pelikula egin dute”. Adierazi dutenez, “azken aldian hainbat neurri errepresibo hartzen dira zenbait esparruetan eta kirolean eta futbolean ere” Gaineratu zutenez, “futbolean aldarrikapenerako tarte bat dago, eskubideak eta askatasunak aldarrikatzeko” .

A Coruñako zale bat Madrilen hil eta gero futbol taldeetako peñek behar bezala eratu eta elkarteen zerrenda batean izen ematera behartu zituzten. Indar Gorrikoek uko egin zioten. “Hainbat estamentuen neurri murriztaileak eta errepresiboak jasan izan ditugu. Guk horri aurre egin diogu: ezin dugu Indar Gorriren pankartarik atera; ezin dugu materialik atera; presoen aldeko ikurra eramaten badugu 9.000 euroko isuna jasotzen dugu; Sadarrekoa kriston apartheid egoera da, futbol-Gaza bat bizi dugu”.  Horren aurrean, “gure eskubideen eta askatasunen alde kanpaina bat hasi genuen eta aurrekoan polizia batek esan zuen: hori pagatu egiten da”. Gaineratu dutenez, “nor bere esparrutik gizarte hobe baten alde borrokan saiatzen da. Zaleok gure eskubide eta askatasunak ditugu eta horiek aldarrikatzen ditugu. Eskubide guztia dugu”.

Abokatuak esan dienez, auzibideak “luze” joko du eta epaiketa “agian bi urte barru” izanen dela. Banda kriminaleko kide izateagatik urte bateko eta hiru urte arteko espetxe zigor eskaerei aurre egin diezaiekete. Madrilgo Vallecas auzoko taldeko Bukaneros zalegoko kide batzuei ere halako salaketa egin zieten eta epaiketa ez zen egin. Esperantza hori dute haiek ere.

Atxiloketa
Guardia Civilak astelehenean, 9:00etan, etxean atxilotu zuten bata. Zuzenean Iruñeko komandantziara eraman zuten. Lanetik etxera Etxegarateko portuan behera bueltan zetorrela, 15:00ak aldera, atxilotu zuten bestea. Altsasuko kuartelera eraman zuten eta komandantziara eraman aurretik patrol batean izan zuten. Bidean Ospa mugimenduaz galdekatu zuten. Biek tratu ona jaso zutela baieztatu zuten. Zortzikoa eta Ajolabaikoak peñen doinuak txistukatuz jakin zuten toki berean zeudela biak. Atxilotuak ziegatik ziegara elkarrekin hitz egiteko aukera izan zuten.