Ferietako liskarragatik auzipetutakoak aske nahi dituztela adierazi dute Altsasuko makina bat kultura eragilek asteburuan. Ez dugu izaterik, aske haiek gabe! Euskal gazteria aurrera! leloa zuen eta zortzi auzipetuen irudia margotua zuen pankarta bat buru zela ospatu zen ostiraleko ikuskizuna: Haize Berriak banda, Erkudengo Ama abesbatza (2 kanta), Tarima Beltza antzerki taldea (4 obraren zatiak), Etorkizuna dantza taldea (bitan), Dantzarima dantza konpainia (behin), Enrike Zelaia eta Trasteando (bi kanta) izan ziren protagonista. 170 bat parte-hartzaile 700 ikusleren aurrean izan ziren 90 minutu iraun zuen ikuskizunean. Aurretik, ostiraleroko kontentrazioan 250 bat pertsona elkartu ziren. Iluntzean 20 bat tabernetan pintxo-potea izan zen.
Sei hizlarik, zein bere esperientziatik abiatuta, Altsasuren berezitasunak eta historia errepasatu zituzten larunbatean. Bargagainen begiradapean mahai-inguruaren lekuko 100 altsasuar izan ziren. Gauean, gaztetxean kontzertuak izan ziren eta haiek ere arrakastatsuak suertatu ziren. Domekan, berriz, haurrendako jolasak, txokoak eta tailerrak izan ziren Burunda pilotalekuan. Gure Etxea eraikinean helduak elkartu ziren Zapore Anitzak ekimenak erakarrita. Altsasuar berriek Kolonbia, Maroko, Bulgaria edota Altsasuko pintxoak prestatu zituzten jendeak dasta zitzan. Aldamenean, auzipetuen gurasoen barra zegoen. Jan-edanak Helena Santanoren pintura ekintza ikusteko aukera eman zuen, oraingoan Txen dj-ren doinura marraztu zuen. 400 bat pertsona pasa ziren eraikinetik. Kultur asteburua herriko literatur sortzaileen irakurraldiekin, kantuekin eta dantzarekin despeditu zen.