Sindikatu, feminista eta LGTB, jubilatu eta pentsionisten ondoren, irakaskuntzako langileen babesa jaso zuten Altsasuko Gurasoak Iruñean atzo egindako kontzentrazioan. “Nafarroako gizartearen zati handi batek gure aldarrikapenekin bat egiten duela ikusten ari gara”. Altsasun Kulturaz Aske asteburua posible egin zuten guztiei ere esker ona azaldu zieten. Foruen monumentuaren azpian Altsasukoa terrorismoa ez dela eta haien seme-alaben heziketa-eskubidea aldarrikatu zituzten; “egoera honek haien formakuntza zaildu eta kaltetzen ari da”, salatu zuten gurasoek.
Euren aldarrikapenak berretsi zituzten gurasoek: batetik, instrukzioa Nafarroako Lurralde Auzitegira itzultzea, epaitegiak berak martxoaren 24an eman zuen ebazpenarekin bat eginez. Eta, bestetik, preso dauden Jokin, Oihan eta Adurren askatasuna exijitu zuten. “171 egun preso, urrunduta eta bakartuta, FIES erregimenpean”. Madrilen muntaien kontra larunbatean antolatu den manifestazioan parte hartzeko gonbidapena luzatu zuten, azkenik, gurasoek. Autobusa antolatu dute eta joan nahi dutenek infoaltsasugurasoak@gmail.com helbidearen bidez eman dezakete izena. Larunbatean 13:00etan abiatuko da autobusa.
18.000 sinadura
www.altsasugurasoak.com web-orrialdearen bitartez sinatu daiteke gurasoen manifestua.