Dantza esperientzia Sant Cugaten

Guaixe 2017ko mai. 11a, 18:32

Dantzarima dantza eskola altsasuarreko bi taldek Sant Cugat del Vallesko koreografia lehiaketan parte hartu zuten igandean. Estreinakoa zuten halako lehiaketa batean. Irantzu Gonzalez irakasleak parte hartzeko proposamena egin zien eta ikasleak animatu egin ziren. Hark prestatutako koreografiak eskaini zituzten jendaurrean. Gehienez ere 3 minutuko saioak eskain zitzaketen taldeek.

Bi talde aritu ziren. Gazteek euren taldeari Salilei izena eman zioten. Honakoek osatu zuten: Ane Hernandez Zubelzu, Eneritz Regil Fernendez, Leire Nuncio Lanza, Izarne Ibero Blazquez, Leire Zubikoa Barroso, Intza Iturriotz Fernandez eta Saioa Iraizotz Erbiti. Txikienek, berriz, Moon dancers izenarekin parte hartu zuten. Hain zuzen ere: Ane Iturriotz Salazar, Haizea San Roman Iparragirre, Nahia Lumbreras Ruth, Olaia Carabias Herrero, Josune Sanchez Amiama, Olaia Santano Azpeitia, Aurora Urabaien Otxoa Aizpurua eta Nora Pozueta Diaz.  

Salilei taldekoek azaldu digutenez, dantza molde desberdinetan hainbat mailatan jokatu zen lehiaketa. “Dena oso profesionala” zela gaineratu dute. Salileikoek dantza garaikide batekin junior mailan lehiatu ziren beste 13rekin batera. Oholtzara transparentziak zituen maillot beltza, gona beltz motza eta ilean mottoa, trentza bana aldeetan eta tupean aurrean. Dantzaldiaren une batean taldekide bat, Ane, jaso zuten eta txalo zaparrada jaso zuten. “Gorakada” izan zuten. Hasi aurretik gurasoen animoak ere jaso zituzten publiko artetik, haietaz apartekoak ere. Gainontzeko taldeak “guk pentsa baino hobeak ziren”. Egindako lanarekin gustura gelditu ziren, “oso ongi pasa genuen eta pozik bueltatu ginen”.

Moon dancers taldekoek jazzeko haurren mailan aritu ziren 18 taldeetako bat zen. Hainbat irudi sortzen zituen koreografia garatu zuten. Zilar koloreko flekodun jantzia, purpurinazko makilajea eta ile kardatuarekin agertu ziren oholtzan. Ongi dantzatu eta gustura gelditu ziren. Esperientziarekin gustura, errepikatzeko gogoz gelditu dira batzuk eta besteak. Ordurako “hobetuko” dutela adierazi dute. Bitartean, garagarrilaren 18an Iortian eskainiko duten emanaldirako prestatzen ari dira guztiak.