Hamabostero bezala Altsasuko auzian auzipetutakoen gurasoek kontzentrazioa egin zuten Iruñean atzo. Oraingoan justizia alorreko profesionalen babesa jaso zuten elkarretaratzean. Espainiako Auzitegi Gorenak auzia Iruñean edo Madrilen epaitzea ebatzi behar du. “Gaur egun Espainiako Auzitegi Nazionalak Nafarroako Lurralde Auzitegiaren errekerimenduari kasurik ez egitea eta kasua tramitatzen jarraitzea erakunde horrekiko errespetu falta handia iruditzen zaigu”.
Euren ustea berretsi zituzten: “gertakarien neurrigabekeria eta lege eta hedabide proportzionaltasun falta”. Altsasuko auzian oinarrizko eskubideak urratu zirela berretsi zuten, besteak beste, “intimitatearena eta errugabetasunaren presuntzioarena, esate baterako; eta espetxeratze kautelazko neurria soberazkoa bezain krudela”. Epaile naturalaren eskubidea bermatzeko eta auzia Nafarroan epaitzeko eskatu zuten gurasoek. Auzian “proportzionaltasun, justizia eta ekitatearen printzipioak nagusitzea” nahi dutela gaineratu zuten, Azkenik, 6 hilabete preso daramaten hiru gazteen askatasuna aldarrikatu zuten.
Esker ona
Gurasoek berriro errepikatu zuten auzipetuak dauden euren seme-alabak ez direla terroristak. Gogorarazi zuten Nafarroako Lurralde Auzitegiko 1. aretoak gauza bera esan zuela martxoaren 23an, auzia Iruñean epaitzeko eskaera gaineratuz. Altsasuko gurasoek “gure kasuari emandako erantzunarengatik eskerrak eman nahi dizkiegu Nafarroako erakunde exekutibo, legegile eta judizialei, baita manifestua sinatu zuten 89 diputatu eta senatariei, eta atxikimendua eman zioten 200 jurista eta irakasleei ere”.
Gurasoek azken urte erdian justizia arloko hainbat profesionalek esandakoa errepasatu zuten: “lege kalifikazioa desegokia eta neurrigabekoa izan da Altsasun jazotako gertakariak terrorismotzat jotzea (Martin Pallin, Goreneko magistratu emeritua) eta “gehiegizko jarduketa judiziala”, eta “errealitate sozialetik kanpo” (Baltasar Garzon).
Orain arte gurasoekin batera Iruñeko elkarretaratzeetan mugimendu sindikala, feministak eta LGTB, jubilatu eta pentsionistak, hezkuntza arloa eta justizia arloko profesionalak izan dira. 15 egun barru hedabideetako profesionalak izanen dira.
www.altsasugurasoak.com
Manifestua sinatzeko edo auziari buruzko informazioa lortzeko.