Hego Euskal Herriko 83 alkatek bat egin dute Altsasuko auziaren eskumena Nafarroako Lurralde Auzitegiak har dezala eskatzen duen ekimenekin, eta kasua, beraz, Nafarroan erabaki dadila eskatu dute, eta ez Espainiako Audientzia Nazionalean. Alkateek sostengua adierazi diote auzipetutako hamaika gazteen gurasoek eta legelari eta erakunde ugarik egin duten eskaerari: ferietako liskarra ez dadila terrorismotzat har, eta, beraz, Madrileko kartzelan preso dauden hiru gazteak libre utz ditzatela.
Sinatzaileek bat egin dute, era berean, Nafarroako Parlamentuak eta Altsasuko Udalak egindako eskaerekin. Adierazpen instituzional banatan, bi erakundeek euren desadostasuna adierazi zuten gazteen kartzelatzearekin, proportzionaltasuna aldarrikatu zuten, eta auzia Nafarroara ekartzeko exijitu zuten.
Alkateen babesaz aparte, aldarrikapenarekin bat egin duten mozioak onartu dira hainbat udalerrietan, esaterako, Hernanin, Legazpin edo Ikaztegietan. Altsasuko Gurasoek jakinarazi dutenez, sinadura bilketa Javier Ollo Altsasuko alkateak, Sonia Ontoria abokatuak eta Iñaki Lasagabaster EHUko zuzenbideko katedradunak bultzatu dute, eta hurrengo asteetan atxikimendu gehiago biltzea espero dute.
Alkateek orain egin bezala, aurreko hilabeteetan auzia salatu eta elkartasuna adierazteko ekimen ugari eta anitzak izan direla gogoratu dute Altsasuko Gurasoek. Besteak beste, gogora ekarri dituzte Nafarroako Parlamentuaren adierazpena (2016-11-21), justiziaren eta unibertsitateko alorretako 193 profesionalak sinaturiko manifestua, gizarte eta kulturako 130 pertsona ezagunek sinaturiko manifestua (2017-02-02) edota Madrileko Kongresuan 74 diputatu eta 14 senatariek aurkeztutako adierazpena (2017-03-22).
Babesa agertu duten alkateak
Bizkaia (10)
- Ibarrangelu
- Areatza
- Dima
- Nabarniz
- Bilbo
- Elorrio
- Güeñes
- Arrigorriaga
- Zierbana
- Arrieta
Araba (4)
- Gasteiz
- Barrundia
- Asparrena
- Arana
Gipuzkoa (22)
- Segura
- Hernani (beraien mozia)
- Legazpi (beraien mozia)
- Ikaztegieta (beraien mozioa)
- Alkitza
- Eskoriatza
- Larraul
- Antzuola
- Elgeta
- Alegia
- Amasa-Villabona
- Amezketa
- Getaria
- Oiartzun
- Usurbil
- Beasain
- Berastegi
- Altso
- Donostia
- Elduain
- Altzaga
- Zumaia
Nafarroa (47)
- Altsasu
- Leitza
- Iruña
- Ituren
- Uharte-Arakil
- Tafalla
- Arbizu
- Etxarri-Aranatz
- Ziordia
- Artazu
- Beriain
- Araiz
- Esparza de Salazar
- Ansoain
- Bera
- Zubieta
- Ergoiena
- Burlata
- Metauten
- Barañain
- Gares
- Arantza
- Larraun
- Orbara
- Baztan
- Cabredo
- Basaburua
- Areso
- Olatzagutia
- Berriozar
- Doneztebe
- Etxauri
- Bakaiku
- Irurtzun
- Uharte
- Lizarra
- Goizueta
- Atarrabia
- Etxarri
- Agoitz
- Iturmendi
- Sunbilla
- Imotz
- Urdiain
- Itzaltzu
- Lakuntza
- Atez
Auzia, labur
Nafarroako Lurralde Auzitegi Probintzialak abiatu zuen lastailaren 15eko Altsasuko ferietako gertaeren gaineko instrukzioa. Baina Espainiako Auzitegi Nazionalak gertaerak terrorismo delitutzat jo eta instrukzioa bere gain hartu segituan. Azaroaren 14an bederatzi gazte atxilotu zituzten, nahiz aurretik epaitegietan beren borondatez aurkeztu eta horretarako prestasuna azaldu, eta horietarik zazpi espetxera bidali zituzten.
Gaur egun, haietarik hiru espetxean daude: sei hilabete daramate preso etxetik 400 kilometrora, eskubideak mugatzen dizkien FIES erregimen berezi pean. Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaileak ez dio defentsari utzi instrukzio fasean frogak eta lekukoak aurkezten. Bitartean, Nafarroako Lurralde Auzitegiak, martxoaren 23ko autoan, ustezko terrorismo delituko zantzurik ez dagoela esan du, eta gertaerak epaitegi arruntean aztertu behar direla erabaki du. Une honetan eskuduntza arazo hau Espainiako Epaitegi Gorenak ebatzi beharko du, instrukzioa zein epaitegiri dagokion erabakiz.