Hamabostero Iruñean egiten duten kontzentrazioa baliatu dute Altsasuko Gurasoek herenegungo epaitegietako albistearen balorazioa egiteko. Jakina denez, ferietako liskarraren auzia zeinek epaitu ebatzi zain dago, baina bitartean Espainiako Auzitegi Nazionalak ez zituen tramiteak eten, astelehenean emandako ebazpenak hori agindu zion arte.
Gurasoek “pozik” hartu dute erabakia, “Nafarroako Lurralde Auzitegiak auzia Iruñean instruitzeko martxoaren 23an emandako epaiaz geroztik gure aldarrikapena baitzen hori”. Gurasoek adierazi dutenez, “justizian sinistu nahi dugulako, gogoz desiratzen dugu Espainiako Auzitegi Gorenak ordena jartzea eta Altsasuko auzia birbideratzea instrukzioa Nafarroara ekarriz. Instrukzioa Nafarroako auzitegian hasi zen eta ez zen inoiz handik atera behar”. Atzera ere, “proportzionaltasuna, justizia eta ekitatearen printzipioak nagusitzea” aldarrikatu dute.
Aldi berean, preso dauden hiru gazteen askatasuna exijitu dute. Astelehenekoa eta gero abokatuek haien askatasuna eskatu dute berriro. Adur, Jokin eta Oihani FIES erregimena berritu egin dietela jakinarazi dute.
Hedabideetako kideekin
Iruñeko kontzentrazio bakoitzean Altsasuko Gurasoek kolektibo baten babesa izaten dute. Oraingoan hedabideetako langileena izan dute, Guaixe barne. Gurasoek gogoratu dutenez, Altsasuko auzia “informatiboak zabaltzeko eta egunkarietako lehen orriak betetzeko erabili izan da behin baino gehiagotan, oso modu sentsazionalistan eta, gure ustez, kazetaritza duin eta objektibo batek bete beharko lituzkeen oinarrietatik oso urrun”.
Aldi berean oroitu dute “seme-alaben nortasunak zabaldu, haien argazkiak delinkuenteak balira bezala argitaratu ziren, tartean adingabeena. Ez ziren informazioak kontrastatu, soilik txosten interesatuetan argitaratutako datuak erabili ziren”. Gazteekin batera herriaren “itxura erabat manipulatuta emanda” Altsasuko herria zigortu nahi izan zutela gaineratu dute gurasoek eta baita hurrengoa ere: “Altsasuko herriak argi eta garbi ikusi zuen informazioaren manipulazio hori eta haserre eta erasotua sentitu zen”.
Hedabideetako profesional “bikainekin” topo egin dutela ere gehitu dute. “guregana hurbildu zaizkigunak galdetzera, entzutera, gure egia jasotzera. Zoriondu nahi ditugu, haiei esker joan garelako injustizia hau zabaltzen, eta haiei esker izan dugulako aukera gizartearen aurrean bertsio duin bat emateko”. Altsasuko Gurasoek, “orain arte bezala, aldarrikatzen eta zabaltzen segitu beharko” dutela adierazi dute.