Espainiako Auzitegi Gorenak ferietako liskarrean terrorismo delitua ikusi du eta auzia Espainiako Audientzia Nazionalaren 3. Instrukzio Epaitegiaren esku utzi du. Horretarako Zigor Kodearen 573. 1 artikuluan oinarritzen da Gorena. Artikulu horrek terrorismo delitutzat jotzen ditu “bizitzaren edo osotasun fisikoaren kontrako edozein delitu larri” eta haien artean daude “botere publikoak zerbait egitera edo ez egitera behartzea eta populazioan edo haren zati batean terrore egoera sortzea”.
Goreneko epaileek diotenez, “delituaren larritasuna ezin da momentuz baztertu, agenteetako batek jasandako lesioak tarteko”. Gaineratzen dutenez, Zigor Kodeko 573.1 artikuluan jasotako helburuen “zantzuak ikus daitezke hasiera batean, Estatuko Segurtasun Gorpu eta Indarretako kideen eta familien artean terrore eta segurtasun eza sortu eta aipatu lurraldeak (Hego Euskal Herria) uzteko jokabideen markoan izan baitziren gertaerak. Ezin da ere baztertu gertaerek emozio egoera hori sortzea helburu zuela”.
Goreneko epaileek, polizia txostenak kontuan hartuta, azaltzen du “talde batek egindako erasoan parte hartu zutenetako baten bat segurtasun indarretako kideak Nafarroatik eta Euskal Autonomia Erkidegotik protesta, presio eta zirikatzearen bidez kanporatzeko erakundeekin erlazionatzeko zantzuak” daudela.