"Atzo guztioi Audientzia Nazionalera deitu gintuzten eta han egonen gara"

Guaixe 2017ko eka. 2a, 22:25

Familien adierazpena

Urriaren 15ean gertatutako liskarraren ondorioz auzipetutako gazteen familiak Auzitegi Gorenak emandako ebazpenaren aurrean gure haserrea, tristura, haserraldia, ezintasuna eta frustrazioa adierazi nahi dugu. Hasieratik justizia falta eta babes eza duen egoera bat bizitzxen ari garela uste dugu. Kasu hau zehaztu ezin ditugun goiko instituzio batzuk erabiltzen ari direla pentsatzen dugu, era eredugarri batean eta ez ikuspuntu juridikotik.

Gure seme-alabak erabiliak izaten ari direla sentitzen dugu, guretako ulertezinak diren helburu batzuk lortzeko, non mendekuak eta gorrotoak hartzen diren erabakiak bideratzen dituzten eta proportzionaltasun, ekitate, justizia eta erruduntasun presuntzioaren eskubideak zeharo alde batera utzita izan diren. Zazpi hilabete hauetan bertsio bakar bat eman dela esan nahi dugu. Hedabide boteretsu batzuetan mantendu den bertsioa, Nafarroako Lurralde Auzitegiak emandako lege-argudioak aintzakotzat hartu gabe.

Nafarroatik, Euskal Herri osotik eta beste hainbat lekutatik jaso dugun laguntza asko estimatzen dugu. Aldi berean ozen jarraitzen dugu esaten gure semeak aske egon behar direla, hau bidegabekeria dela, eta gure seme-alabak gure artean eduki arte tinko jarraituko dugula.

Adur, Oihan eta Jokin askatu!

Altsasukoa ez da terrorismoa!

Altsasukoak aske!

Justizia nahi dugu!

Hau ez da terrorismoa



Herri asanbladaren irakurketa:

Atzo kolpe latz bat jaso genuela esaten genuen, eta horrela izan da. Auzitegi Gorenaren erabakiak Adur, Oihan, Julen, Iñaki, Jon Ander, Ainara, Aratz, Nahia eta Aitorren etorkizuna Audientzia Nazionalaren eskuetan utzi du. Erabaki honek guztiok kolpatu eta mehatxatzen gaitu, eta horrela sentitzen dugu.

Honek, berriz ere, argi utzi du honen atzean ezkutzatzen diren interes eta jokaerak ez dutela zerikusirik errealitatearekin, bestelako interes trakets eta ilunekin baizik.
Estatua ezohiko tresnak, zaharrak, antidemokratiko eta bidegabeak, gezurra eta manipulazioaren bitartez justifikatu nahian ari da.

Behin eta berriz esan dugun moduan, politiko-, polizia- eta epaitegi-muntai horrekin Altsasu eta Altsasuko gazteria erabili nahi dute zilegiak diren aldarrikapenak kriminalizatzeko.

Horretarako egitura judizial eta legalaz baliatzen dira, eskubide demokratikoak murrizteko; adierazpen askatasuna, mobilizazio eta biltze eskubideak mugatzeko. Atzoko debekua honen adibide argi bat da.

Jokabide honen barruan kokatzen da Jokin, Adur eta Oihanen dispertsioa, FIES erregimena, mozal legea, 573. artikulua eta abar. Are gehiago, atzoko erabakia honen guztiaren isla garrantzitsuenaren aurrean jartzen gaitu, hau da, Audientzia Nazionalaren aurrean. Gaur, atzo bezala, errepikatzen dugu, ez dira bakarrik egonen, ez zarete bakarrik egongo. Herri osoa izanen duzue zuekin. Atzo guztioi Audientzia Nazionalera deitu gintuzten eta han egonen gara.

Honek ez gaitu geldituko, aurrera jarraituko dugu, oraindik indar gehiagorekin, guztiak etxean eta aske izan arte. Bidegabekeria honekin bukatu arte. Zeren argi esaten dugu: arrazoia dugu.

Eskerrik asko. Guztion artean lortuko dugu!

Bestalde, asteartean, 19:30ean hurrengo hilabeteetako mobilizazioen plangintza prestatzeko elkartuko gara. Kaleak elkartasunez beteko ditugu.

Gaur, 23:00etan, gaztetxean dagoen kontzertuan ateratako dirua horretara bideratuko da.