Hori eraman zieten Adur, Jokin eta Oihani larunbatean. Altsasuko Gazte Asanbladak, Ernaik eta Ikasle Abertzaleak antolatutako Soto del Realgo espetxerako martxan hiru altsasuarrek “urte erdiko pasako bidegabeko espetxealdia” egin dutela eta “ gure sentimenduekin jolasten” ari direla azaldu zuten. Presoei eta gainerako auzipetu guztiei elkartasuna adierazi zieten.
Polizia, hedabide, lege eta politika muntaia salatu zuten espetxe atarian, “sistemaren sostengatzaileek beldurraz eta kolpeez geldituko gaituztela uste dute, baina oker daude” aldarrikatuz. Osteguneko ebazpenaren ondoren altsasuarrak etxean ez gelditzeagatik “pozik” azaldu ziren, “hala ere, borrokan jarraitu behar dugu. Hau guztia gure ondokoei eta gutako edozeini berriz gerta ez datzaion bermatzea da gure ardura”.
Gazteak “errepresioaren jo puntuan” daudela azaldu zuten eta, adibidetarako 3 eta 5 urteko espetxe eskaera duten Tolosako gazteen adibidea jarri zuten. Horregatik, “gazteok inoiz baino gehiago beharrezkoa ikusten dugu errepresioaren aurka lan egitea”. Gainera, “ozen” aldarrikatu zuten “guk aske bizitzeko erabakia hartu dugula eta gu itotzeko asmatuko dituzten trikimailuen aurrean erantzun eta borrokan jarraituko dugula herri aske bat lortu arte”.