Babesik gabe. Kezkaturik. Triste. Beldurtuta. Etsita. Horrela sentitzen dira ferietako liskarragatik auzipetuta dauden gazteen gurasoak. Halaxe jakinarazi dute Espainiako Auzitegi Gorenak auzia Espainiako Auzitegi Nazionalaren esku utzi eta gero. Babesik gabe, Nafarroako Lurralde Auzitegiak martxoaren 23an emandako 16 orriko epaian “zorroztasun juridikoz gertakariak, frogak eta euskarri juridikoak aztertu eta gertakariak terrorismo ekintza gisa hartzeko zantzurik ez eta argudio juridikorik ez zegoela argudiatzen zuelako”. Baina Espainiako Auzitegi Gorenak 4 orri hutsekin eta “Espainiako Auzitegi Nazionalaren autoa oinarri bakarra izanda” auzia Madrilen uztea erabaki duelako. Abokatuek esan dietenez, ostegunekoa “azaleko” auto bat da, “auziaren elementuetan sakontzen ez duena”.
Oso kezkaturik. Haien hiru seme 7 hilabete preso egin behar dituztelako, “urrunduak eta FIES erregimenean”. Altsasuko Gurasoek Iruñeko eta Madrilgo epaitegien jardunbideak alderatuta ziurtatu dute “Espainiako Auzitegi Nazionalean ez dago bermerik gure seme-alabak gutxieneko objektibotasunarekin eta ikuspegi juridiko batetik epaituak izateko”. Eta gogoratu dute Madrilgo auzitegiak “muga handiak” jarri dizkiola defentsari, “auziperatutakoen eskubideak bermatu gabe eta irizpide juridikoetatik urrun dagoen ildo bat jarraitzen baitu, interes politiko eta mediatikoei jarraiki”. Antzeko kasuengatik beste erkidegoetan ez direla 10 urtetik gorako espetxe eskaerak izaten gaztigatu dute. “Proportziorik gabeko eskaera batzuk zorroztasun juridikoa eta prozesu-bermeak erasotzen dituztenak”.
Lau ekimen
Altsasuko Gurasoek jendarteari eta Nafarroako erakundeei babesa eta laguntza eskatu diete, “bermerik gabeko egoera hau egonkortu ez dadin, ez eta neurrigabeko zigorretan gauzatu ez dadin, hiritarren eskubideak zaintzen dituen gizarte batentzat ulertezinak eta jasanezinak izango liratekeen zigor neurrigabeetan gauzatu ez dadin”.
Gurasoak Nafarroako Parlamentuan ordezkaritza duten talde politiko guztiekin elkartuko dira eta haien egoera azaldu eta babesa eskatuko diete. Arrazoi beragatik joko dute sindikatuengana. Aldi berean, heldu den asterako hitzordua jarri dute kultura eta gizarte taldeekin Iruñean. Bilkuran gogoeta bateratua egin eta babesa eskatuko diete. Azkenik, gurasoek jakinarazi dute Nafarroako eskualde guztietan barnako informazio bira eginen dutela, solasaldi irekiak antolatuz.
www.altsasugurasoak.com
Manifestua sinatzeko edo haiekin harremanetan jartzeko.