Hizketan

Lehendik urrunduak, dispertsatuak orain

Guaixe 2017ko eka. 11a, 14:23

Ostiralean, 17:30ean, jaso zuten lehen berria. Oihanek etxera hots egin eta espetxez aldatu behar zutela gaztigatu zituen gurasoak. Gero Adur izan zen gurasoak hots egin zituena. Madrilerako bidean harrapatu zituen albistea. Izan ere, Altsasuko ferietako liskarragatik orain arte Madrilgo Soto del Real espetxean preso zeuden hiru gazte altsasuarrak dispertsatu egin dituzte. Espetxe berean gelditu da Jokin. Oihan Navalcarnerora leku-aldatu dute eta Adur Aranjuezko espetxean dago. Azken hori, asteartetik ostegunera bakartuta dute espetxera martxa egin zutenei eskerrik asko esateagatik. Adurrek ere ezinen du bikotekidearekin aurrez aurreko bisitarik izan hurrengo hiru hilabeteetan. Aurretik beste hiru hilabete egin ditu horrela.

Gertaera salatzeko 2.000 pertsonatik gora manifestazioa egin dute Altsasun eguerdian. Akaberan gaztigatu dutenez, “gure lagunek Madrildik azken bi asteetan jasan duten zigor zaparradak gu guztiok mindu gaitu”. Hiruren dispertsioak ekarriko duena azaldu dute: “bisita araudi berriak, ordutegi, idazteko helbide, haien artean bananduagoak… Sufrimendua handitzeko beste ahalegin bat. Hori da gure aurrean ditugunen jokatzeko era, haien izaera, euren modus operandia”.

Gogorarazi dutenez, “muntaia honen aurrean sortutako elkartasun uholdea, ekimen eta mobilizazio tsunamiak eta milaka pertsonen erantzunak, egoera honen sortzaileei zuzen iritsi zaiela. Zartakoa sumatu dute. Eta honi erantzuteko isun, identifikazio, kontrolak, eta abar abiarazi dituzte”. Haiek gelditzea eta isiltzea ez dutela lortuko gaineratu dute.

Manifestazio akaberan berretsi dute “polizia-, epaitegi-, hedabide- eta politika-muntaia da. Orain espetxe trikimailuak erantsi dioten muntaia”. Errepikatu dute: “sinesgaitzak diren zigor eta manipulazioetan oinarrituta daude. Helburu politiko trakets batekin: ideiak, aldarrikapenak eta herri guztia kriminalizatzea”. Azaldu dutenez, “egia ezkutatzeko asko dira urratzen ari diren eskubideak”.

7 hilabete
Asteartean 7 hilabete beteko dira Guardia Civilak sarekada egin eta hainbat gazte atxilotu zituela.  Ordutik preso daude hiru gazte altsasuarrak eta hori gogorazteko hileko 14. egunero egiten den bezala mobilizazioa izanen da Altsasun. Oraingoan mural erraldoia margotzeko deialdia egin dute: Iortia kultur gune parean izanen da, asteazkenean, 19:00etan.