Iruñeko Foruen monumentuaren ondoan kontzentratu dira atzera ere Altsasuko Gurasoak. Oraingo honetan makina bat hautetsi izan dituzte aldamenean, “hainbat talde politikotako ordezkariekin, ideologiaren gainetik, justizia eskatzeko beharra ulertzen dutenekin”; bai udaletakoak bai parlamentukoak. Aurrenekoen artean, besteak beste, Uharte Arakil, Etxarri Aranatz eta Altsasuko alkateak eta Sakanako Mankomunitateko presidentea izan dira. Unai Hualde Iglesias eta Asun Fernandez de Garaialde Lazkano Sala parlamentaria altsasuarrak ere han izan dira.
Gurasoek, atzera ere, berretsi dute ferietan Altsasun gertatutakoa ez dela terrorismoa eta euren seme-alabak ez direla terroristak. Eta “oraindik egoeraren larritasuna ulertu ez duten beste talde politikoak animatu nahi ditugu haien oinarriak entzutera, zeintzuk, horietako askok eta askok Altsasuko gazteekin bidegabekeria izugarria egiten ari dela sinesten baitute”.
Jasotzen ari diren laguntza “oso handia eta hainbat ekimenetan islatzen” ari dela nabarmendu dute. Bai ekimenetan, ,bai erakundeetan (Nafarroako Parlamentua, 100dik gorako udal, 200 baino gehiago jurista, kultura munduko jendea, 80-tik gorako diputatu eta senatari). “Horiek guztiek, behin baino gehiagotan adierazi digute haien elkartasuna. Egunotan, alkateen atxikimenduak jasotzen ari gara. 85etik gora ditugu dagoeneko, eta zerrenda eten gabe luzatzen ari da”.
Gurasoek Altsasun gertatutakoa estatuko beste toki batzuetan izan diren antzeko gertaerekin alderatu eta “trataera zeharo desberdina jasotzen ari da. Kasu asko epaiketa azkar baten bidez eta bi aldeentzako ehunen bat euroko isunarekin ebatzi dira; aldiz, Altsasuko gazteek 10 urtetik gorako kartzela zigorren aurrean daude, terrorismo delitutzat epaituko baita, gainera, hiru gazte 7 hilabete daramate preso FIES araupean, sakabanatuta eta urrunduta”.
Herri murala
Gaur, 19:00etan, Iortia kultur gune parean mural handi bat eginen da. Horrela hiru gazteak preso daramatzaten zazpi hilabeteak salatuko dira.