Txuspo Poyok bideo-arte proiektu baterako BBVA fundazioaren diru-laguntza jaso zuen duela bi urte. Engañako tunela, espedientea lana aipatu fundazioaren Madrilgo egoitzan maiatzaren 12tik igandera arte egon da ikusgai. Engañako tunela Kantabria eta Burgos arteko tren tunel horrek 7 km luze du. 1942 eta 1959 urteen artean eraiki zuten Frankismoko preso politikoek eta bi trenbide hartzeko gaitasuna du. Baina sekula ez da erabili. Poyok tunelaren eraikuntzaren inguruko ikerketa egin du.
Materialetik harago, tunela uztearen sinbolo gisa aurkeztu du. Lanaren ardatza galeraren sentimendua da. Bideo-artean hori elefante baten bidez irudikatu du, bera baita dolua intentsitate handienaz sufritzen duen animalietako bat. Haren bidez iragana eta oraina lotu ditu. Gainera, tuneleko ahoko karteleko letra bat berreraiki, barruan denbora kapsula jarri eta han lan egin zutenen testigantzak kokatu ditu. Lana egiteko sortzaile altsasuarra artxiboko materialaz aparte tunelean eta inguruan dron eta kamera termiko batekin grabatutako irudiak baliatu ditu.
Lana gela batean erakutsi zuen altsasuarrak. Aurreneko pantailan langile bat tunelean dabil han lan egin zutenen lekukotzak entzuten diren bitartean. Beste pantaila batean elefante bat tunel inguruan eta barruan dabil, nolabait aurreko testigantzekin lotuz. Bi pantailetakoa Seamus Heaneyren Zulatzen eta T. S. Elioten Hutsik dauden gizonak olerkietan oinarrituta egituratu da, zulatzearen eta hustearen akzioak irudikatuz. Azkeneko pantailan, berriz, langileak tunelaren ahoan dagoen karteleko E irudia nola berregiten duen ikus daiteke.