Gure anai-arreben etxea
defendituko dugu.
Manipulazioaren kontra,
errepresioaren kontra,
mendekuaren kontra,
injustiziaren kontra,
defenditu eginen dugu
gure anai-arreben etxea.
Galduko ditugu
bisitak,
loa,
indarrak;
galduko dituzue
besarkadak,
aupadak,
kemena,
baina zuen etxea defendituko dugu.
Besoak kenduko dizkigute,
eta eskuarekin defendituko dugu
gure anai-arreben etxea;
eskuak ebakiko dizkigute,
eta mihiarekin defendituko dugu
gure anai-arreben etxea;
mihirik gabe,
ezpainik gabe,
ahotsik gabe,
utziko gaituzte,
eta bihotzarekin defendituko dugu
gure anai-arreben etxea.
Barrenak nahastuko zaizkigu,
amorruak gaindituko gaitu,
itxaropena ahulduko zaigu,
baina gure anai-arreben etxeak iraunen du zutik.
Bekozkoa ilunduko zaizue,
irribarreak bihurrituko zaizkizue,
begirada eraldatuko zaizue,
baina zuen etxeak iraunen du zutik;
zuek iraunen duzue zutik.