Altsasuarren etxean elkartu da Nafarroako Parlamentuaren Mahaia eta Bozeramaileen Batzordea gaur. Javier Ollo Martinezek "ohoretzat" hartu du. Jakinarazi duenez, irailean eskatu zuen bilera Altsasun egitea, "herriarendako eta udalarendako zerbait positiboa" delako. Taldeetako ordezkariekin herriko erronkez aritzeaz aparte, udal haur eskola berrira bisitan joan dira denak. Ollok gaineratu duenez, "Iruñetik, Parlamentutik, gauzak modu batera ikusten dira eta oso ona da herrietara joatea eta bertako arazoak gertutik ikustea". Bileraren antolakuntzaren lan gehiena Parlamentutik egin dutela eta udalarendako lan gutxi izan dela azaldu digu Ollok eta gainontzeko udalak halakoak egitera animatu ditu.
Parlamentuko presidente Ainhoa Aznarezek azaldu digunez, halakoak erakundea herrietara gerturatzeko egiten dutela, "herri bakoitzean dauden proposamenak eta beharrak bertan ikusteko". Hiru hilabetean behin ateratzen da Iruñetik.