Nafarroako Parlamentuko Mahaiak eta Bozeramaileen Batzordeak Altsasun egindako bileran ferietako auziaren inguruko adierazpena onartu zuen. Nafarroako Parlamentuak, lehenik, “elkarbizitza, justizia eta pertsona guztien giza eskubideen errespetuarekin konpromiso irmoa” adierazi du, “zuzenbide estatuaren berezko printzipio izanik”. Parlamentua Nafarroako Lurralde Auzitegiarekin bat etorri eta gertaerak “terrorismoa” ez direla eta haiek Iruñean epaitu behar direla dio bigarrenik.
Horrekin batera, gazteen auziaren inguruan “kezka” azaldu du Parlamentuak, “proportzionaltasun faltak inguratzen baitu”. Horregatik, “behin behineko espetxeratzea, bakartzea eta dispertsioa bertan behera uzteko” deia egin zuen. Bestalde, Parlamentuko presidenteari “preso sartutako gazteen egoera zein den ezagutzeko” beharra ezarri diote. Onartutako adierazpena estatuko beste parlamentuetara eta Batzar Nagusietara bidaliko da haiek adierazpenarekin bat egin dezaten eskatuz.
Nafarroako Gobernuari eusten dioten lau indarrek aurkeztu zuten mozioa. Aurreneko puntuan alderdi eta koalizio guztiek bat egin dute, UPNk izan ezik. Gainontzeko puntuetan erregionalistekin batera PSNk eta PPk kontrako botoa eman dute.