Auzipetutako gazteen gurasoak astelehenean talde guztietako ordezkariei auziaren inguruko txosten bana emateko baliatu zuten. PPko Ana Beltran haien presentziagatik kexu azaldu bazen ere. Idatzi horretan auziaren inguruko kronologia, manifestuak eta beste jaso dituzte. Gurasoak "lehen inpresio ona" jaso zuten, "batzuekin hitz egitea besteekin baino errazagoa izan bada ere". Guztiekin egoteko helburua bete zuten eta txostenak hartzea eskertu diete. Haietako bat UPNko Alberto Catalanekin hizketatu zen eta haiek "inozentzia presuntzioa, proportzionaltasuna eta justiziaren printzipioa beti defendatu dituztela" esan zuen. Justiziaren lanean sinisten dutela eta haren erabakiaren zain, erregionalistek altsasukoak "terroristak" direla ez dutela esan nabarmendu nahi izan zuen Catalanek. "Haien ideiak printzipio horietan oinarritzea" eskertu zioten.
Adur, Jokin eta Oihan sakabanatu ondorengo aurreneko bisita izan zuten aurreko asteburuan. Gurasoek, lehen-lehenik, espetxeak urrutiago daudela nabarmendu zuten "horrek guretako kalte gehiago ekartzen du". Adur eta Oihanen espetxeak txikiagoak dira. Lehenak bakartuta segitzen zuen, baina "ongi" ikusi zuten. Funtzionarioekin harreman lasaiagoa izan dute gurasoek. Baina presoak espetxe berrietara, araudira, kide berrietara ohitzen ari direla azaldu digute.
Bestela, atzo Iruñean hainbat erakunderekin batzartu ziren. Eta gaur, Madrilen, gauza bera, "beste bide bat zabaltzeko". Sindikatuekin ere elkartu dira. Haiek hainbat asmo dituzten eta, bide batez, plataformak egiten ari den lana eskertu dute.