Nafarroako Gobernuak ferietako liskarragatik espetxeratutako senideek egindako eskaerari eta Nafarroako Parlamentuko Eledunak onetsitako erakunde-aitorpenari erantzunez, kartzelatutako Altsasuko gazteen egoerari buruz galdetuko dio Barne Ministerioari, eta haiei ezarritako isolatze- eta banatze-neurriak kentzea eskatuko dio Justizia Ministerioari. Lehendakaritzako, Funtzio Publikoko, Barneko eta Justiziako kontseilari Maria Jose Beaumont izanen da Barne Ministerioko Espetxeetako Idazkaritza Nagusiaren aurrean dagozkion kudeaketez arduratuko dena.
Hilaren 19an Nafarroako Parlamentuak onartutako erakunde-aitorpena kontuan hartuko du. Akordio harretan Parlamentuak bizikidetzarekin eta justiziarekin hartzen zuen konpromisoa agertu zuen, eta bere ustez, gertaerak ez zirela terrorismotzat hartu adierazi zuen. Espetxerratutako hiru gazteen egoerarekin kezkatuta agertu zen. Horregatik, Nafarroako Gobernuari dagozkion kudeaketak egin zitzala eskatu zion, hiru atxilotuen egoera ezagutzeko eta isolatze- eta banatze-neurriak kentzea eskatzeko. Aurretik, hilaren 7an, gazteen senideek neurri horiei buruz galde zezala eskatu zioten idatziz Nafarroako Gobernuari.
Kontra
Nafarroako PPk “gogor” kritikatu du gobernu akordioa. Nafarroako Gobernuak Altsasuko “erasotzaileekin” duen jarrera “sinestezina” da popularrendako. Haien iritziz, “hasieratik haien defentsa abokatu” izan da. Nafarroako PPtik gobernuari leporatu diote inolako akordiorik ez onartzea “erasotutako guardia civilez, euren bikotekideez eta familiez kezka azaltzen duena. Erasotutakoen familiek erabateko xaxatzea bizi dute Altsasun eta Nafarroako Gobernuak ez du haiekiko inolako interesik azaldu”. Egoera horrekiko “erabateko tolerantziarik eza” adierazi du PPk.