Altsasuko kasuan inputaturiko eta espetxeraturiko gazteen gurasoen ordezkaritza bat (Bel Pozueta, Edurne Goikoetxea eta Haizea Ramirez de Alda) haien abokatuetako baten laguntzarekin (Jaione Carrera), Europako Parlamentuak Bruselan duen egoitzara joan dira gaur. Bidaiaren helburua, kasuaren inguruan informazioa zabaldu eta hainbat estatuetako talde anitzetako eurodiputatuen babesa eskatzea da.
Agenda betea du laukoteak. 11:00etan prentsaurrekoa izan dute. Agerraldia Marina Albiolek (IU), Izaskun Bilbaok (PNV), Xabier Benitok (Podemos) eta Josu Juaristik (EHBIldu) eskatu dute. Haren ondoren, 12:00etatik 13:00etara, hainbat estatu eta taldeetako Eurodiputatuekin bilera egin dute. Bazkaldu ondoren, 15:00etatik 18:30etara, Europa, Zuzenbide Estatutik Salbuespen Estatura: borroka sozialak eta adierazpen askatasuna erasopean konferentzian parte hartuko dute. Han Hungaria, Espainia, Euskal Herria, Frantzia, Belgika, Irlanda eta Italiatik joandako hizlariak hartuko dute hitza. Altsasukoek euren kasuaz eta terrorismo delituaren erabilera estentsiboaz hitzaldia eskainiko dute.