Altsasuko ferietako liskarraren ondorioz Aranjuezko espetxean dagoen Adur Ramirez de Aldaren aitak eta bere aitona-amonak istripua izan zuten atzo, hura bisitatzetik bueltan, Burgos parean. Nonbait, Ramirezen aita eta aiton-amonak ostegunean 03:30ak aldera atera ziren Aranjuezera bidean, goizeko 09:30ean bisita egiteko. Itzuleran, 17:30ak inguruan, auto istripua izan zuten Burgos parean, ibilgailuak autobidearen hesia jo eta gero. Zorionez ez zen inor zauritu, baina autoan kalteak eragin zituen istripuak.
Honen guztiaren aurrean, Altsasuko Gurasoak taldeak espetxeratuek, inputatuek, horien senide eta lagunek eta Altsasuko herritarrek bizi duten “injustizia eta krudeltasuna” salatu du. “Ez diogu utziko jasaten ari garen eskubide urraketa guztiak salatzeari, eta ez diogu utziko elkartasuna adierazteari” nabarmendu dute.
Hain zuzen ere, atzo bertan Altsasuko auziko espetxeratuen egoeraren berri eman zuten gurasoek Europako Parlamentuan. Han zegoen, besteak beste, Adur Ramirez de Aldaren ama. Gurasoek Bruselan nabarmendu zuten Euskal Herriko gehiengo sozial eta politikoaren babesa dutela. Halaber, Nafarroako Gobernuak atzo jakinarazi zuen bere egiten duela kasua salatzeko parlamentuak ekainaren 19an onartutako adierazpena. Maria Jose Beaumont Barne eta Justizia kontseilariak beharrezko gestioak egingo ditu Espainiako Barne Ministerioaren Espetxe Zuzendaritzan, preso jarraitzen duten hiru gazteei ezarritako “salbuespen neurriak” kentzeko.