Beste behin gertatu da. Ferietako liskarragatik Madrilen erabaki bat hartzen den bakoitzean hedabideen bidez jakiten dute haren berri senide eta abokatuek. Atzo gauza bera gertatu zen fiskaltzak gazteendako egindako zigor eskaerekin. Jose Perals fiskalak lau “terrorismo delitu” egin zituztela egozten die gazte altsasuarrei eta horietako bakoitzagatik 12 urte eta sei hilabeteko espetxe zigorra eskatzen du. Hau da, 50 urte.
Zigor eskaera horri aurre egin beharko diote sei gaztek: Jokinek, Jon Anderrek, Julenek, Adurrek, Aratzek eta Iñakik. Oihanen kasuan fiskalak “mehatxu terrorista” egin izana egozten dio eta 12 urte eta erdiko beste zigor bat eskatu du harendako, guztira, 62 urte eta erdiko espetxe zigorra eskaera. Ainarari, berriz, delitu bakarra egotzi diote, “mehatxu terrorista” egitea eta 12 urte eta erdiko kartzela-zigorrari aurre egin beharko dio. Guztira 375 urteko espetxe zigorra. Bestetik, fiskalak 20 urteko inhabilitazio osoa eta, zigorra bete ondoren, beste bost urtez zaintzapeko askatasunean egotea eskatu du.
Baita 41.100 euroko isuna zauriak eragiteagatik akusatutako zazpiendako ere. 9.200 tenientearendako (orkatila hautsia eta 92 eguneko baja), 3.700 sargentuarendako, 16.100 euro emakumezkoendako batendako, lesio, haien ondorio eta kalte moralengatik (sorbaldan tendinitisa, 61 baja egun) eta 12.100 euro beste emakumearendako (lepoan kontraktura, 61 baja egun).
Zigor alternatiboak ere proposatu ditu fiskalak. Oihanendako 30 urteko espetxe-zigorra eskatu du desordena publiko terroristak (8 urte), autoritatearen kontrako atentatua (2 urte), lau lesio delitu (8 urte) eta mehatxu terroristak (12 urte eta sei hilabete) egotzita. Gainerako sei gizonezkoendako 18 urte eta sei hilabeteko kartzelaldia eskatu du .
Argudioak
Zigor Kodeko terrorismo delituei buruzko 573 artikuluan oinarrituta auzipetu dituzte hamar altsasuarrak. Eta horretan oinarrituta egin ditu eskaerak fiskalak. Altsasuko gertakariak Guardia Civilak eta Espainiako Polizia Euskal Herritik joateko 'Alde Hemendik' kanpainaren baitan kokatzen ditu fiskaltzak. Haren esanetan kanpaina horren helburua guardia civilengan eta poliziengan "beldurra" eragitea eta gizartean haienganako "ezinikusia" sorraraztea da.
Amaia Izko abokatuak ETBn salatu zuen haiek ez zutela jakinarazpenik jaso, baita kasuaren hasieratik fiskaltzak informazioa hedabideei filtratu diela. Eskatutako zigorrei dagokienez, abokatuak nabarmendu zuen "Zigor Kodean jasotako delitu larrienetan baino zigor-eskaera altuagoak" egin dituela fiskalak, "etxean armak eta lehergailuak gordetzeagatik, pertsona bat hiltzeagatik edo diru publikoa lapurtzeagatik zigor-eskaera txikiagoak” egiten direla gaineratu zuen. Horregatik, zigor eskaerak “neurriz kanpokoak” direla ziurtatu zuen abokatuak.