Altsasuko auzian fiskaltzaren zigor eskaerak ezagutu eta gero, Altsasuko Udalak ezohiko batzar berezia egin eta adierazpena onartu du; kontra bozkatu duen UPN ez beste guztiek aldeko botoa eman dute. Adierazpenean Altsasuko Udalak fiskaltzaren zigor eskaerekin “erabateko desadostasuna” duela dio. Aldi berean, udalak “jazotako gertaerekin kezkatu” da, “kasu hau neurrigabeko eta arrazoirik gabeko maila onartezinetara iritsi dela egiaztatu” ondoren.
Udalak, atzera ere, “elkarbizitzaren, justiziaren eta pertsona guztien giza eskubideen errespetuarekin konpromiso irmoa” berretsi du, “zuzenbide estatu demokratiko baten berezko printzipioak baitira”. Gaineratu duenez, “kasua inguratzen duen neurrigabetasuna normaltasunaren eta elkarbizitza demokratikoaren kontrako norabidean doa”. Azkenik, udalak gogorarazi du Nafarroako Lurralde Auzitegiak Altsasuko kasuan ez zuela “terrorismo zantzurik” ikusi eta auzia Iruñean epaitu behar zela.
Adierazpena Geroa Bai, EH Bildu, PSN eta Goazen Altsasuko hautetsien artean irakurri da. Bozketaren ondoren alkateak udal taldeei gai horrekin izaten ari diren jarreragatik eta arduragatik eskerrak eman zizkien. Baita familiei ere.