Auzipetutako gazteen gurasoek, 1.700 bat pertsonen babesarekin, fiskalaren zigor eskaeren balorazioa egiteko prentsaurrekoa eskaini zuten herenegun. Argi adierazi zuten eskaerak "erabateko neurrigabekeria" direla. "Askoz larriagoak diren delituengatik zigor eskaerak baxuagoak dira". Eta beste tokietan gertatutako antzeko kasuetan, "lesio larriagoekin, zigor txikiagoak ekarri dituzte. Altsasuarrendako justizia desberdina da?" galdetu zuten.
Gurasoendako "guztiz neurrigabeko lege jarduna da" gertatutakoa, terrorismo delituaren erabilera hedagarria izaten ari da". Horren ondorioz, "legezkotasun printzipioa eta epaiketa justurako eskubidea urratu" egin direla nabarmendu zuten. Nafarroako Lurralde Auzitegiaren epaian oinarritu ziren horretarako, zeinak martxoan esan zuen Altsasuko auzian terrorismo delitu zantzurik ez zegoela. "Gizartearen babesa, kalitate demokratikoa, justizia, giza eskubideak arriskuan daude.
Deialdiak eta eskaerak
Ostiraleroko kontzentrazioaren ondoren, gaur, 20:30ean manifestazioa abiatuko da kultur guneko zabalgunetik. Heldu den asteko ostiralean zortzi hilabete preso eginen dute hiru gaztek eta Iruñeko Gaztelu plazan 17:30ean eginen den kontzentrazioan parte hartzera deitu dute.
Horrekin batera, www.altsasukogurasoak.com web orrian dagoen manifestua sinatzera animatu dute Dagoeneko 20.000 pertsonatik gorak sinatu dute. Web berean dagoen dosierrean "terrorismo kalifikazioa bertan behera uzten duten argudioak" zabaltzeko eskatu zuten gurasoek.
Instrukzioaren garapenarekin "pribatuan desadostasuna" azaltzen duten alderdiei "publikoki haien iritzia adierazteko" eta bat egiteko deia egin diete. Horrekin batera, alderdi, sindikatu, giza, kultura, eta bestelako erakundeei zuzendu zaizkie: "ekimen jendetsu eta plurala antolatzeko lan egin, zentzugabekeria honen aurrean Nafarroako gizartearen ahotsa altxatzeko". Erakundeei "euren babesa ematen eta bidegabekeria salatzen jarraitzeko" eskatu zieten Altsasuko Gurasoek.