Altsasuko Gurasoek “zoriondu” egin dituzte “fiskaltzak egindako neurrigabeko kalifikazioa dela-eta haserre sentitu” diren guztiak: “izugarrizko lana egin baituzue Altsasuko auziaren inguruan gertatzen ari den injustiziari buruzko informazioa eta argudioak zabaltzeko”. Euren eskaria ere jakinarazi dute: “zentzugabekeria honen aurrean sen ona nagusitzea eta horretan denok aurrera egitea”.
Altsasuko Gurasoek euren mezua “irmotasun lasai batetik zuekin batera salatu eta zabaldu” nahi dute. Horregatik, jendarteari eskatu diote “terrorismo kalifikazioa desmuntatzen duten argudioak zabaltzeko”. Horretan herriz herri aritzeko eskaera egin dute. Horretarako, www.altsasugurasoak.com web orrian dagoen txostena erabiltzea gomendatu dute. Web orrian bertan dagoen manifestua sinatzeko gonbidapena egin dute ere. Azken horren 40.000 sinadura berri jaso ditu astearteaz geroztik, eta dagoeneko 60.000 pertsona dira gurasoen manifestuari atxikimendua adierazi diotenak.
Beste dei bat egin diete “orain arte aurrerapausorik eman ez dutenei, legearen gehiegizko eta bidegabeko erabileraren aurrean posizionatzeko, gizartearen babesa arriskuan baitago. Denok babesten gaituzten giza eskubideak arriskuan daude. Justizia arriskuan dago. Demokrazia batean justiziak herritarrak babestu behar ditu eta”.
Gurasoek berretsi dute ez dutela “zigorgabetasunik eskatzen, ezta aldeko jarrera hartzea ere”. Jendarteari, instituzioei eta edozein erakunderi eskatzen diete “defendatzea errugabetasun-presuntzioaren eskubidea, berme prozesalak dituen epaiketa eskubidea, era hedakor eta justiziarik gabe erabili ez dadin legearen eskubidea eta proportzionaltasunaren eskubidea”.
Minez beterik
Horrela daudela adierazi dute gurasoek, “baina ez etsita. Hori neurri handi batean zuen laguntza, animo eta indar estuari esker da”. Azaldu dutenez, “8 hilabete hauetan kolpe latzak jaso ditugu eta aste honetan beste bat”. Gehiago jasoko dituztela badakite. “Amorrua, beldurra, babesik eza, ezintasuna sentitzen ditugu”. Altsasuko auzian “justiziaren balantzak adierazi nahi duen oreka ez da inon ageri”.