Espainiako Polizia Nazionalak hiru gazte altsasuar identifikatu zituen atzo, 08:30ean. Hirurek Altsasukoak aske zioen kamiseta zeramaten. Hain zuzen ere identifikazioaren arrazoia hori izan zela nabarmendu zuten atzo arratsaldean egindako kontzentrazioan. 600 euroko isuna jartzeko mehatxua ere jaso zuten.
Gertaera salatzeko kontzentrazioa egin zuten 200 bat pertsonak. Jazotakoak ez zituela harritzen esan zuten, “sanferminetan gazte askoren egunerokoa baita”. Esan zutenez, “oso haserre gaude, ez gara burugabeak, argi dugu zergatik salatzen dugun herrian sufritzen dugun errepresioa”. Gaineratu zutenez, “ez gara geldituko gure lagun eta kideak espetxetik atera arte. Ziur gaude errepresioarekin ez badugu bukatzen, lastailaren 15ean gertatutakoa errepika daitekeela eta iraganetik zerbait ikasi baldin badugu, horrelakoak errepikatzen direla da. Errepresioaren jo-puntu nagusia gazteak gara eta horren aurrean gure hitza plazaratzea premiazkoa da”. Errepresioaren aurrean “gazte antolakuntza” aldarrikatu zuten.
Identifikazioak izan zirela baieztatu zuen Espainiako Gobernuaren Ordezkaritzak, baina gazteei isuna jartzekotan “poliziei errespetu faltagatik” izanen dela eta ez kamisetengatik gaineratu zuen.