Hizketan

"Kasu honetan marra gorri asko zeharkatu dituzte eta haien kontra bueltatzen ari da basakeri hau"

Guaixe 2017ko uzt. 17a, 11:29

Plataformaren irakurketa:


Gaur 9 hilabete betetzen dira ametsgaizto hau hasi zenetik, 8 hilabete Guardia Zibilak gure lagunak atxilotu zituenetik. Oihan, Jokin eta Adurri besarkada bero bat bidaliz hasi nahi genuke gure hitzartzea, oraindik ere kartzelaratuak eta dispertsatuak baitaude. Zuekin gaude eta borrokan jarraituko dugu gurekin egon arte!

Hilabete hauetan ibilitako bidea luzea izan da, asko lan egin behar izan dugu. Gure herriarekiko manipulazioa izugarria zen eta ia inork bertsio ofiziala ezbaian jartzen ez zuen garai haietatik, gure jarduera etengabea izan da orain eta hemen esaten ari garena aldarrikatzen: muntai polizial, mediatiko eta judizial baten aurrean gaudela, zeinak egoera zehatz bat erabili nahi duen gure herriko gazteria kriminalizatu eta guztiz legitimoak diren aldarrikapenak isilarazteko.

Ez da horrelako zerbait egiten duten lehen aldia, esperientzia eta memoria gurekin dugu. Baina kasu honetan marra gorri asko zeharkatu dituzte eta haien kontra buletatzen ari da basakeri hau: geroz eta pertsona gehiago gara hau erokeri bat dela oihukatuz, geroz eta pertsona gehiagok bat egiten dute gurekin.

9 hilabete daramatzagu emozioa gure barruan bor-borka: 4 kartzelaratu aske ikusteak sorturiko poz eta esperantzatik, Gorenaren erabakiak edota Fiskaltzaren eskaerak sorturiko beldur eta inpotentziara.
Ezin dugula ezer egin sinestarazi nahi digute, hobe dugula isilik eta geldi egotea... Horrela egiten ez badugu, hor dago estatuko indar polizialengandik pairatzen dugun errepresioa, hor daude isunak, debekuak eta mehatxuak, San Ferminetan "AltsasukoakASKE" kamiseta eramateagatik berriki jasan ditugunak adibide. Utz gaitzatela bakean!

Baina ez badakit, ondo entzun dezatela: jotzen diguten kolpe bakoitzak indartsuago egiten gaitu. Egiten diguten mehatxu bakoitzak, gure elkartasuna handitzen du. Iristen den debeku bakoitzak, borrokan jarraitzeko indarrez betetzen gaitu. Izan ere, eskatzen dituzten kondenak luzeak dira, baina gure lagunekiko maitasunak ez dauka mugarik.

Ez dugu etsiko, denon artean muntai honekin amaituko dugu. Ez gara geldituko Jokin, Adur eta Oiha gurekin egon arte, ez gara geldituko auziperatuak guztiz aske egon arte.

Laster biziarazten ari diguten tragedia makabro honen hurrengo kapitulua iritsiko da: epaiketa. Baina bai auziperatuek zein Audientzia Nazionalak jakin dezatela, ez dira bakarrik egongo epaitegi arrotz horretan. Herri oso bat erasotu dute, eta herri oso bat izango da gazteekin Madrilera jaitsiko dena, babesa emanez eta haiekin batera borrokatuz.

Amaitzeko, gaur hemen zaudeten pertsona guztientzako txalo zaparrada bat eskatu nahiko genuke. Baita denbora guzti honetan zehar borrokan egon diren pertsona guztientzat ere: familiak, koadrillako lagunak, abokatuak, Altsasu, Nafarroa, Euskal Herria, Catalunya, Castilla eta munduko hainbat tokitako pertsonentzat. Eta azkenik, etorriko diren mobilizazioetan egongo diren pertsona guztientzat, berriro ere kalera atera beharko garelako. Jarrai dezagun lanean, bakoitza bere esparruan, bakoitza bere estiloan, baina denak elkarturik gure eskaeretan. Zuek gabe ez zen posible izango!

Guztion artean lortuko dugu!!
Stop montajes!!
Utzi Altsasu Bakean!
Altsasukoak Aske!!