Udazken hasieran izan daiteke epaiketa Espainiako Auzitegi Nazionalean. Dagoeneko Altsasuko Gurasoak eta herri-plataforma horri begira jarri dira eta hala nabarmendu zuten Iruñean egindako kontzentrazioan, ostiralean. Altsasuko Gurasoek etorkizunera begira etor daitezkeen mobilizazioetarako “zuek guztiak gogoan zaituztegu” adierazi zuten, “Espainiako Auzitegi Nazionaleraino iritsiko den tsunami olatua sortzea eskatzen dizuegu, zuen laguntza behar dugu”. Udan ez gelditzeko eskatu zuten: “auzia ezagutzen ez duen jendea dago. Bidegabekeria da hau guztia eta eurengana ere iritsi daiteke. Ez gara soilik gure alde borrokatzen, denon alde baizik”.
Plataformatik, berriz, “bai auzipetuei bai Espainiako Audientzia Nazionalari” jakinarazi zieten “ez dira bakarrik egonen epaitegi arrotz horretan. Herri oso bati eraso egin diote, eta herri oso bat izanen da gazteekin Madrilera jaitsiko dena, babesa emanez eta haiekin batera borrokatuz”.
Plataforma
Ostiralean zortzi hilabete egin zituzten kartzelan Adurrek, Jokinek eta Oihanek. Madrilen urrunduta, eta sakabanatuta. Plataformako kideek jakinarazi zuenez, “zuekin gaude eta borrokan jarraituko dugu gurekin egon arte". Atzera ere nabarmendu zuten "polizia-, hedabide- eta epaitegi-muntaia baten aurrean gaudela, zeinak egoera zehatz bat erabili nahi duen gure herriko gazteria kriminalizatu eta guztiz legitimoak diren aldarrikapenak isilarazteko”. Halako gehiago egon direla aipatu zuten, “baina kasu honetan marra gorri asko zeharkatu dituzte eta haien kontra bueltatzen ari da basakeria hau: geroz eta pertsona gehiago gara hau erokeria dela oihukatuz, geroz eta pertsona gehiagok bat egiten dute gurekin”.
Plataformatik azaldu zutenez, “ematen diguten kolpe bakoitzak indartsuago egiten gaitu. Egiten diguten mehatxu bakoitzak, gure elkartasuna handitzen du. Iristen den debeku bakoitzak, borrokan jarraitzeko indarrez betetzen gaitu. Izan ere, eskatzen dituzten kondenak luzeak dira, baina gure lagunekiko maitasunak ez dauka mugarik. Ez dugu etsiko, ez gara geldituko auziperatuak guztiz aske egon arte”. Hori lortzeko toki askotako jendeak emandako laguntza eskertu zuen plataformak.
Ostiraleko kontzentrazioan, besteak beste, Iruñeko alkate Joseba Asiron, Geroa Baiko Unai Hualde eta Jokin Castiella parlamentariak eta EH Bilduko Bakartxo Ruiz parlamentaria, koalizioko Maialen Iriarte eleduna eta Aralarko buru Patxi Zabaleta izan ziren.