Gipuzkoako Batzar Nagusietako Bizikidetza eta Giza Eskubideen Batzordean Altsasuko gazteen auzia izan zuten hizpide joan den ostiralean. Batzar Nagusiek onartutako ebazpenean Altsasuko gazteendako fiskaltzak egindako zigor eskaerarekin “erabateko desadostasuna” adierazten dute eta “kezka handia adierazten dute gertaeren bilakaerarengatik, kasua neurrigabekeria eta bidegabekeria onartezin batera heldu dela ikusita”.
Aldi berean, Gipuzkoako Batzar Nagusiek “elkarbizitzarekiko, justiziarekiko eta pertsona guztien giza eskubideen errespetuarekiko konpromiso irmoa adierazten dute, zuzenbide estatu demokratiko baten berezko printzipioak direlako, eta adierazten dute kasu hau inguratzen duen neurrigabekeria normaltasun eta elkarbizitza demokratikoaren aurkakoa dela”. Nafarroako Lurralde Auzitegiak lastailaren 15eko goizaldean gertatutakoa ez dela terrorismo delitua izan eta epaitzeko eskumenak Iruñeko epaitegiarena beharko lukeela gogorarazi dute Gipuzkoako Batzar Nagusiek. EAJk, EH Bilduk eta Ahal Duguk aurkeztu zuten proposamen bateratua eta haiek aldeko botoa eman zuten, kontra PSE-EEk eta PPk.