Altsasuarren mezua hedatzen

Guaixe 2017ko abu. 29a, 13:43

Gasteizko festetan egindako kontzentrazioa.

Epaiketa data irail akaberan jakinarazi dezakete eta manifestazio handi batean parte hartzeko prestatzen hasteko gaztigatu dute.

Hamar hilabete eta erdi daramate preso Adurrek, Jokinek eta Oihanek. Haien askatasuna aldarrikatu eta ferietako liskarraren inguruko auzia salatzeko dinamikak ez du etenik izan agorrilean. Atxiloketak izan ziren hileko egunean, 14ean, kontzentrazio jendetsua egin zen Altsasuko Dantzaleku igerilekuan. Eta altsasuarrek ez dute ostiraleroko hitzorduetan hutsik egin. Auzipetutakoen elkartasuna Boliviaraino eraman du brigadista talde batek eta gazteen aldeko banderolarekin batera Evo Morales presidentearekin batera argazkia atera zuten.

Euskal Autonomia Erkidegoko hiriburuetako festetan ere tartea izan da Altsasuko auziarendako. Hiruetan “ozen eta argi” errepikatu dute “politika, hedabide eta epaitegi muntaia pairatzen” ari direla. “Ezusteko gertakari bat probestu nahi dute gazteria zapaltzeko eta zilegiak diren aldarrikapenak isilarazteko. Altsasu herri antolatua da eta ematen du horixe dela gure delitua”.


Donostian.


Azaldu dutenez, “jokoan dagoena ez da, soilik, gure lagunen etorkizuna: gizarte osoaren etorkizuna jokoan dugu. Askatasuna murrizteaz ari gara, oinarrizko eskubideak murrizteaz ari gara, eta legea komeni bezala erabiltzeaz ari gara. Horrek guztiak gizarte osoari eragiten dio”. Gaineratu dutenez, “zoritxarrez, espetxeak bete egingo dira gure kasua bideratzen ari diren interesek 573 artikulua modu estentsiboan aplikatzeko teman jarraitzen badute”. Diotenez, “orain arte ikusten ari garena ikusita, justizia-bermerik egongo ote den zalantza handiak dauzkagu; horregatik, justizia gailendu dadin borrokan segituko dugu”.


Bilbon.


Kataluniatik bisitan
Xarxa Anti-repressió de Familiars de Detingudes taldeko guraso talde bat Altsasun izan zen agorrilaren erdialdean. Eta Euskal hiriburuetan antolatutako kontzentrazioetan ere parte hartu zuten. Xarxa edo sarea 2014an sortu zuten eta hara bildu ziren disidentzia jardueretan aritzeagatik atxilotutako gazteen gurasoak. Haren helburuetako bat atxilotuen senideei harrera egitea eta babesa ematea da, autoestimua sustatuz eta gazteekiko hurbiltzea lagunduz. Psikologia eta lege zerbitzua eskaintzen diete behar duten gurasoei. Bestetik, hainbat ekimenen bidez haien seme-alaben kriminalizazio eskema nagusiak eragotzi nahi dituzte.

Disidentzia jarraitu eta beldurtzea, sistemak helburu hori duela diote Xarxako kideek. Hedabideen manipulazio dinamikak ere salatu dituzte. Disidentzia ez dela delinkuentzia nabarmendu dute. Talde hori izan zen errepresaliatutako pertsonen nazioarteko jardunaldia antolatu zuena udaberrian. Altsasuko Gurasoak han izan ziren.

Kataluniarrak Altsasuko auziaren inguruan sortutako elkartasun oldearekin miretsita daudela esan zuten. 375 urteko zigor eskaera “ikaragarrizko desproportzioa” dela gaztigatu dute. “Taberna borroka bat ekintza terroristatzat hartzea gertatutakoa aldatzea da” adierazi diote Berria egunkariari.


 Irañetan.


Hiletan
Ostiralean preso dagoen gazte baten amonari lur eman zioten. Gaztea espetxetik herrira azken agurra ematera ekarri zuten. Elkartasun keinu asko izan ziren harendako. Guardia civilak harekin izan ziren uneoro eta haiek izandako jarrera oso kritikatua izan da herrian.