Hizketan

Altsasuko auziak kantua du

Guaixe 2017ko ira. 7a, 19:24

Ferietako liskarragatik auzipetutako gazteen askatasuna eskatu eta polizia muntaiak gelditzea eskatzen duen mugimendu zabalak badu bere kantua: Aurrera Altsasu! Baita bideoklipa ere. Gaur aurkeztu dute Baratzekobideko plazan dagoen karpan. Han izan da Jon Maia letragilea, “gurasoen eta herriaren sentimenduak kontuan izanda”. Pello Reparaz da doinuaren egilea eta grabazio lanak antolatu dituena.



Altsasukoak aske! aldarrikatzen duen kantuaren eta bideokliparen aurkezpenean izan dira ere Enrique Villarreal (El Drogas) eta Eñaut Elorrieta. Laurek hartu dute hitza. Haiekin batera kantuan parte hartzen dute: Evaristo, Aiora Renteria, Juanra Kop eta Fer Estricalla abeslariak eta Miren Amuriza eta Julio Soto bertsolariak. Imanol Goikoetxea, eta Fran Urias musikariak gitarrak jo dituzte kantuan. Programazioaz Reparaz arduratu da. Usurbilgo Higain eta Altsasuko Itxura estudioetan grabatu zituzten doinuak Fran Perezek eta Haritz Harreguyk. Bideoaz Taom estudioak, eta Pascal Etxepare aritu dira. Eta Iker Baxerri guztia koordinatzen aritu da.  



Kantua gauzatzen martxoaren 9an hasi zirela eta agendak bateratzen nahikoa lan izan dela esan dute auzipetuen gurasoek. Jasotako laguntzaz “harro” daudela gaineratu dute. Altsasuko Gurasoen asmoa da kantua “bidegabekeria honen salaketan etengabe laguntzen ari gaituen jende hori guztiari eskaintzea. Adin eta ideologia guztietako pertsonak, toki ugarietakoak… Artista hauek haiek ordezkatzea nahi dugu”.