Parlamentuan Altsasukoaz eta Europara begira

Guaixe 2017ko ira. 14a, 16:28

Nafarroako Parlamentua Nafarroako Gobernuari eskatu dio Europar Batasuneko organoen aurrean egin beharrekoak egitera eskatu dio, Oinarrizko Eskubideen Europako Gutuna beteko dela bermatzeko. Gaur 10 hilabete egiten dituzte preso hiru gaztek.

Nafarroako Parlamentuaren Osoko Bilkuran Altsasuko ferietako gazteen liskarra izan dute hizpide gaur. Foru gobernuari eusten dion laukoaren ebazpena onartu da. Haren bidez Parlamentuak Nafarroako Gobernua premiatu du “egin beharrekoak egin ditzan Europar Batasuneko dagokion organoen aurrean, zehazte aldera ea horien ustez Espainiak behar bezala egin duen terrorismoaren zigor tratamenduari buruzko Europar Batasunaren aurreikuspenen transposizioa”.

Horrekin batera, Parlamentuak gobernuari eskatu dio Europako dagokion atean jo dezala eta Altsasuko kasua dela-eta fiskalak egindako eskaria eta Oinarrizko Eskubideen Europako Gutunaren 49.3 artikuluan aurreikusitakoa bat datozen zehaztu dezatela.

Azkenik, Nafarroako Gobernuari eskatu zaio “egin beharrekoak egiteko Europar Batasuneko dagokion organoen aurrean, hau bezalako egoera neurrigabeak ekiditeko irizpideak bateratzeko, Europako Gutunak eta Eurojust-ek aurreikusitakoari jarraikiz”. Ebazpenaren alde Geroa Baik, EH Bilduk, Ahal Duguk eta I-Ek egin dute eta UPNk, PSNk eta PPk kontra.

Arrazoiak
Geroa Bai, EH Bildu, Ahal Dugu eta I-E taldeek sustatutako ebazpenak gogorarazten du Nafarroako Parlamentuak behin eta berriro agertu duela bere iritzia Altsasuko kasua dela-eta, eta, horri dagokionez, ezbaian jartzen du Fiskaltzaren eskaera, esanez ez duela “behar bezala egin Europako legeen transposizioa”, ez gertaeren kalifikazioan (ekintza terroristak), ezta Oinarrizko Eskubideen Gutunaren 49.3 artikuluan jasorik dagoen proportzionaltasun printzipioaren interpretazioan ere.

Laukoak Izaskun Bilbao (ALDE), Josu Juaristi (GUE/NGL), Marina Albiol (GUE/NGL) eta Xabier Benito (GUE/NGL) eurodiputatuen ekimenarekin lerrokatu dute beren mozioa. Eurodiputatu horiek galdera bat aurkeztu zioten Europako Batzordeari, Espainiako Estatuan Europak terrorismoari buruz emandako definizioaren “transposizio okerra” egin izanari buruzkoa.

10 hilabete preso
Ferietan herritar batzuen eta Guardia Civileko bi agenteren eta haien bikotekideen arteko liskarragatik Espainiako Auzitegi Nazionaleko Fiskaltzak 375 urteko espetxe-zigorra eskatu du Altsasuko 8 gazteendako. Haietako hiruk, Adurrek, Jokinek eta Oihanek, gaur 10 hilabete egin dituzte preso. 304 egun. Hori salatu eta haien askatasuna aldarrikatzeko hilaren 14ero bezala altsasuar mordoa mobilizatuko da gaur. Oraingoan Altsasu bete-betean festetan dagoenez, festa giroko aldarrikapena egitekoa da: Altsasuko peñek Zumalakarregi plazatik Foru plazara iluntzena egindako jaitsieran hain zuzen ere.

Hala ere, ez da festetan auzipetuen alde eginen den ekimen bakarra. Bihar, ostiralero moduan, kontzentrazioa eginen da. Baina ez ohiko lekuan. Jendetsua izatea nahi denez, udaletxe pareko plazatxoa Iortia kultur guneko zabalguneagatik aldatu da. Orduan ere aldaketa dago, 18:00etan izanen da.


Festetako hasierako etxajuaren piztean ere presente izan zen auzia. Udaletxeko aurreneko solairuko balkoian #Altsasu ez da terrorismoa leloa zuen pankarta zintzilikatu zuten. Haren ondoan jarri ziren festen hasierako etxajuaren pizte ekitaldira gonbidatutako gurasoetako batzuk. Haiek, gainera, herriko etxearen barruan hainbat alderdietako parlamentuko ordezkariekin hitz egiteko eta iritziak trukatzeko aukera izan zuten. Senideak eta haiek babesten dituzten alderdi eta koalizioetako zinegotziek eta parlamentarioek, Nafarroako lehendakari Uxue Barkosek eta Nafarroako Parlamentuko presidente Ainhoa Aznarezek talde argazkia egin zuten ere.

Herenegun iluntzean, peñak plazara iristearekin batera, altsasuarren ahotsak probatu zituzten. Guztiak ere Tximeleta taldearen doinura Aurrera Altsasu kantua abestu zuten.