Altsasuko herri mugimenduak deituta Errepresioaren aurrean, herri erantzuna leloa zuen manifestazio jendetsua egin zen larunbatean, “festetan ere gure aldarrikapenak kalean egin behar direlako”. Ferietako liskarra salatzeko protestaldiaren akaberan esan zutenez, “Guardia Civilak Foruzaingoak eta hedabideen laguntzarekin hasitako muntaia herri oso bat baldintzatu du”. Gaineratu zutenez, “estatuak Ospa mugimendua eta Alde Hemendik aldarria kriminalizatu egin du, haien zilegitasuna kolokan jartzeko nahiarekin”. Ospa mugimenduaren ibilbidea eta zilegitasuna defendatu zituzten.
Errepresioak “hamaika aurpegi” dituela eta “edozein mugimendu ito eta egungo sistema bermatzea du helburu, bere esku duen edozein tresna erabiliz horretarako. Metodo errepresiboa, beraz, bizitzaren eremu desberdinetara zabaltzen” ari dela duela gaztigatu zuten. Nabarmendu zutenez, “errepresioa arazo erreal eta nabara da. Herri libre batean bizi nahi baldin badugu, Guardia Civila eta, oro har, errepresio indarrak Euskal Herria utzi behar dute”. Eta ferietako “muntaiaren sustatzaileei” jakinarazi zieten, ez dutela “inolako ekintza errepresibo berririk onartuko!”