Igandean despeditu ziren Altsasuko festak. Jai giroan, altsasuarrek Altsasuko kasuan auzipetuta dauden bere herritarrak izan zituzten gogoan. Esaterako, irailaren 14an Oihanek, Jokinek eta Adurrek 10 hilabete bete zituzten espetxeratuta, eta egun horretako bajadikan auzipetu guztiak izan zituzten gogoan, atxilotutakoak, bereziki: eurendako izan zen bajadika. Hurrengo egunean, irailaren 15ean, Altsasukoak Aske eta Altsasu Gurasoak deituta, elkarretaratze jendetsua egin zen Iortia plazan. Han azaldu zutenez, “300 egun daramatzagu beldurrezko film batean sartuta”. Gaineratu zutenez, “gure seme-alaben bizitza manipulatua izaten ari da, mendeku logika bat jarraituz. Ferietako liskar bat terrorismoan bilakatuta. Hasieratik gaur egunera arte, astakeria hutsa”.
Justizia eskatzen dute
Baina gurasoek nabarmendu zutenez, “oso argi dugu ez garela probokazioaren zurrunbiloan eroriko, nahiz eta batzuetan kosta izan. Bakean bizi nahi dugu, eta justizia, hori da argi eta garbi eskatzen duguna. Justiziarik gabeko herria ez da zoriontsua, eta honetaz asko dakigu”. Aurretik epaiketa dutela ekarri zuten gogora. “Demokrazioarendako ez dira garai onenak, baina ez gara kikilduko. Estatuaren geografia guztian barna, eta Europa guztian barna esango dugu Altsasukoa ez dela terrorismoa, Oihanek, Jokinek eta Adurrek aske egon beharko zutela, herriko festetaz gozatzen, eta gainontzeko auzipetuek ez luketela astean bitan epaitegietatik pasa beharko ezta euren bizitza hipotekatuta izan behar” nabarmendu zuten.
Babesagatik eskertuta
Bestalde, esker oneko hitzak izan zituzten denbora honetan guztian bidaide izan dituztenendako. “Egunero erakusten duzue guganako babesa, mila esker, benetan. Guztiok behar zaituztegu, prozesu hau bukatu harte zuen guztion laguntza behar dugu. Geroz eta jende gehiagok ezagutu beharko luke sufritzen ari garen egoera anker hau eta kalera atera beharko ginateke, guztiok batera bidegabekeria hau gelditzeko”.
Probokazioetan ez erortzeko deia
Probokazioetan ez direla eroriko azpimarratu zuten. “Politikari ezagun bati entzun dizkiogu aholku hauek: ez erori probokazioetan, ez galdu irribarrea, pazientzia, jendearekin asko hitz egin, zaindu zuen artean, eutsi, pasio asko jarri eta eurengana. Eta kasu egingo diogu” aitortu zuten.